Bizkaiko Foru Aldundiko Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak, Arriskuen eta Istripuen Prebentziorako Behatokiarekin lankidetzan, bateria elektrikoetako suteei buruzko jardunaldi tekniko bat antolatu du ekainaren 11rako. Jardunaldiaren (Bilboko Ondare Aretoan egingo da) gai nagusia izango da gailu eta ibilgailu elektrikoen erabilera gero eta handiagoarekin lotuta sortzen ari diren arriskuak. Era berean, mota horretako suteak prebenitzeko, kontrolatzeko eta jarduteko metodorik eraginkorrenak jorratuko dira, larrialdi-zerbitzuak eta arlo horretako enpresak erronka horiei erantzuteko hobeto prestatuta daudela bermatzeko.
Gure gizartean gero eta bateria elektriko gehiago daudela eta, nolabaiteko alarma sortu da, teknologia horiekin lotutako gorabeherak ugaritu direlako. Jardunaldi tekniko horren helburua ezagutza garrantzitsua transmititzea da, bateria elektrikoen arrisku berriei buruz eta erronka berri eta espezifiko horiei aurre egiteko jardunbide egokienei buruz. Topaketaren garrantzia agerikoa da, kontuan hartuta sute horiek eragina izan dezaketela segurtasunean eta erantzun koordinatua eta eraginkorra eman behar dela.
Jardunaldia askotariko publikoari zuzenduta dago, eta dagoeneko 190 pertsonak baino gehiagok eman dute izena. Besteak beste, hauek dagoeneko baieztatu dute parte hartuko dutela: larrialdi-zerbitzuetako ordezkariak; larrialdiei aurre egiteko teknikariak; laneko arrisku eta prebentzioko teknikariak; Bizkaiko, EAEko eta Estatuko PSSZko suhiltzaileak; Eusko Jaurlaritzako, udaletako, Babes Zibileko, Ertzaintza eta Udaltzaingoaren, Osalaneko, Itsas Salbamenduko eta EHUko ordezkariak. Gainera, ingeniaritza eta arkitektura arloko enpresak, energia-enpresak, bateriak fabrikatu eta biltegiratzen dituzten enpresak, ikerketa-erakundeak eta suteen aurkako babes arloko erakundeak ere bertaratuko dira.
Hizlarien artean, sektore desberdinetako diziplina anitzeko adituak izango dira, eta baterietako suteetako esku-hartzeak eraginkorragoak eta seguruagoak izateko esperientziak eta ezagutzak partekatuko dituzte.
Halaber, hitzaldiak egongo dira baterietako sute-arriskuei, benetako esku-hartzeen esperientziei eta ibilgailu elektrikoetako entseguei buruz. Bestalde, esku hartzeko prozedurak, prebentzio-sistemak eta bateriak dituzten instalazioetarako babes-sistemak landuko dira.