Eskualdeko enpresetan euskararen erabilera indartzeko helburuarekin, Landue egitasmoaren laugarren foroa ospatu zuten joan den ostiralean Durangoko Elkartegian eta, bertan, Durangaldeko 28 enpresetako ordezkariak bildu ziren.

Izan ere, eskualdeko arlo sozioekonomikoan euskara bultzatzea da zerbitzu honen helburua. Hau da, eskualdeko enpresei euskara gehiago erabili dezaten baliabideak eskaintzea, eta horretarako, doako zerbitzua eskaintzen zaie. 2021eko udaberrian sortu zen, eta hiru urteko tartean aldaketa ugari txertatu dituzte eskualdeko enpresetan. Besteak beste, webguneak itzuli dituzte, lantegietako hizkuntza paisaian aldaketak egin, hizkuntza ohiturak aldatzeko dinamikak egin, hizkuntza irizpideak ezarri, Lanbide Heziketako ikasleen praktikaldia euskaraz izan dadin oinarriak zehaztu...

Landue zerbitzua Durangaldeko Mankomunitateak kudeatzen du eta Bizkaiko Foru Aldundiaren zein Eusko Jaurlaritzaren finantzazioa jasotzen du. “Pozgarria da ikustea Landue komunitateak indartzen jarraitzen duela eta arlo sozioekonomikoan ekimen interesgarriak lantzen direla”, adierazi zuen jardunaldiaren irekieran Idoia Otaduy Mankomunitateko presidenteak. Bestalde, Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko Saileko Foru Diputatuak nabarmendu zuenez, “euskararen kudeaketa onak enpresen lehiakortasunean eragiten du, beren balio ekarpenagatik”.

Azken batean bakoitzaren beharretara egokitutako zerbitzua ematen du ekimenak. Horrez gain, azken ikasturte honetan hiru foro egin dituzte online formatuan, eta ostiralean, laugarrena, aurrez aurrekoa izan zen. Irailean izango da hurrengo hitzordu garrantzitsua, hitzarmen ekitaldia egingo baitute orduko horretan, eta bertan argituko da zein enpresek hartuko duten euskara gehiago erabiltzeko konpromisoa 2024an.

Gaur gaurkoz, 26 enpresa dira hitzarmena duten enpresak.