Irailaren 13tik 22ra bitartean ospatuko diren Santakurtzetan joko duten taldeak aukeratu ostean, Galdakaoko biztanleek jaietako kartela aukeratu ahal izango dute orain. Urtero bezala, Galdakaoko Udalak jaien kartel iragarlea aukeratzeko lehiaketa jarri du martxan. Parte hartu nahi dutenek uztailaren 5era arteko epea izango dute.

Bi modalitate egongo dira: alde batetik, haur eta gazteen modalitatea (2007 eta 2016 artean jaiotakoak) eta helduen modalitatea (2007ko urtarrilaren 1a baino lehen jaiotakoak).

Aurkeztutako lanak berriak izan behar dira, bestelako lehiaketa batean aurretik saririk jaso ez dutenak eta aldi berean beste leku batean aurkeztu ez direnak. Kartelek “GALDAKAOKO SANTAKURTZAK 2024. Irailak 13-22” lelo jaso behar dute nahitaez.

Partehartzaile bakoitzak gehienez bi obra aurkeztu ahal izango ditu. Koloreak eta erabilitako teknikak aukeratzeko askatasuna izango dute egileek, baina tamainak 50 x 70 zentimetrokoa izan behar du (ez etzana), eta euskarri zurrunaren gainean muntatuta egon beharko du. 

Lanak ezingo dira diskriminatzaileak izan, sexu, genero identitate edo sexu orientazioa dela eta. Helburu horrekin, testuetan hizkera ez sexista erabili beharko da eta irudietan bi sexuen presentzia orekatua bermatu beharko da. Era berean, ez dira inola ere onartuko mota hauetako lanak: pertsonak beren sexu, genero identitate edo sexu joeraren arabera giza duintasunari dagokionez maila altuagoetan edo baxuagoetan aurkezten dituztenak edo sexu objektu soil gisa aurkezten dituztenak; genero estereotipoak sustatzen dituztenak; eta emakumeen kontrako indarkeria justifikatzen, hutsaltzen edo bultzatzen dutenak.

Lanak lema idatzita eta izenperik gabe aurkeztuko dira. Eta eurekin batera gutun azal itxi baten kanpoan, lanaren lema berbera eta egilearen adina jarrita izan beharko dira. Egilearen ondoko datuak gutun azal itxian sartuta adierazi behar dira:

  • Datu pertsonalak (egilearen izena, helbidea eta telefonoa).
  • Egilearen NANaren fotokopia, edo hamalau urtetik beherakoa bada, bere nortasuna eta jaiotze data egiaztatzen duen beste edozein dokumentu publiko edo ofizial.

Kartel irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du helduen kategorian, bigarrenak 400 eurokoa, eta sari berdina udalerriko lehenengo sailkatuak. Haur-gazteen kategorian, aldiz, udalerriko denda batean gastatzeko 100 euroko bonoa izango dute ondorengo adin tarteko irabazleek: 2014 eta 2016 urteen artean jaiotakoak, 2010 eta 2013 artean jaiotakoak eta 2007 eta 2009 artean jaiotakoak.

Lanak Kultura, Gazteria eta Kirol Sailean aurkeztuko dira (Lehendakari Agirreren plaza z/g), 9:00etatik 14:00etara, uztailaren 5a baino lehen.

Lehiaketaren oinarriak esteka honetan kontsulta daitezke, "Dirulaguntzen publizitatea" atalean