Mendiolako eskolaren lehen ikasturtea 1923-1924 izan zen, beraz, aurten 100 urte betetzen dira eskolak ateak ireki zituenetik. 1987ra arte auzo-eskola gisa jardun zuen, eta 1988tik aurrera Mendiolako Errekatxo Auzo Elkartearen egoitza bihurtu zen. Orain, urtemuga berezi hau ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dira biharko, hilak 25. Besteak beste, argazki zaharren erakusketa, eskolaren historia laburbiltzen duen dokumentalaren emanaldia eta bazkari herrikoia. “Duela urte asko baserriko jendea hona etortzen zen ikastera. Urte askotan zehar hemen ume, maisu eta maistra asko egon ziren eta kurtso honetan 100 urte betetzen direnez, urteurrena ospatzeko ekitaldi batzuk prestatu dira”, gogoratu du Loli Agirre Mendiolako Errekatxo elkarteko kideak.

1969-1971 ikasturtean Mari Carmen Castro maistrarekin. ERREKATXO AUZO ELKARTEA

Abadiñoko Udalaren babesa eta Gerediaga Elkartearen laguntzarekin, biharko eguna benetan berezia izango da bertako auzokideentzat eta elkarteko kideentzat. Izan ere, asko bertan ikasitakoak dira. Eguneko egitasmoari dagokionez, programazioa goizeko 11.00etatik aurrera hasiko da argazki erakusketarekin. “Eskolarekin lotutako argazki batzuk aukeratu ditugu eta guztira garai hartako berrogeita hamar bat argazki erakutsiko dira; batzuk oso kuriosoak dira, gauzak nola aldatu diren ikusten delako”, gehitu du Agirrek.

1949-1950 ikasturteko ikasleak Isabel maistrarekin. ERREKATXO

12:00ak bueltan Mendiolako Alluitz dantza taldeak dantzaz girotuko du eguna eta 12:30ean Errekatxo baten onduen izeneko dokumentala estreinatuko da. Agian, eskolaren historia biltzen duen proiekzio emanaldia izango da espero den une hunkigarrienetako bat. “Adin desberdinetako jendea batu da dokumentala egiteko; ikasle ohiak, garaiko bi maisu eta momentu hartako istorioak eta testigantzak kontatzen dituztena. Ziur une barregarriak eta politak, baina beste batzuk ere gogorragoak”, komentatu du Agirrek.

AUZO ESKOLA

100 urtetan zehar hamaika bizipen eta istorio biltzen dira, eta Bizkaiko landa-guneetako haurren analfabetismoaren indize handia zela eta, Aldundiak 119 auzo-eskola eginarazi zituen 1920 eta 1936ko gerra bitartean. Horietako bat Mendiolakoa izan zen, bertako bizilagunek eta Sagastakoek auzolanean egindakoa.

Eguna borobiltzeko bazkari herrikoia prestatu da eta hasiera batean 110 lagunek eman dute izena. Ondoren, kantuak eta musika izango dira, eta garai zaharrak gogoratzen jarraituko dute iluntzera arte edo, agian beste 100 urtez.