erdintasun Plan berrirako informazioa biltzeko prozesua dinamizatu duten 25 boluntarioek herritarren eta, batez ere, emakumeen ikuspuntua bildu dute. Joan den asteartean bildu ziren, jasotako erantzunak bateratzeko.

Duela hilabete egin zuten lehen bilkura prozesua dinamizatzeko ardura hartu zuten emakumeek. Bertan euren egitekoa zein izango zen adostu zuten, inguruko pertsonekin elkarrizketak burutzeko gidoia zehaztuta. Berdintasuna ardatz hartuta, hitzaldiak sustatu dira, interesak, beharrak, orain arte egindakoari buruzko iritziak, errealitatearen ezagutza eta etorkizunerako proposamenak biltzeko.

Horren baitan, helburuetako bat hainbat arrazoirengatik Udaletik eta berdintasun arlotik urrutien egon daitezkeen ahotsetara iristea izan dela adierazi du Alazne Mendizabalek, Berdintasun Saileko zinegotziak: “Gure jardunarekin harreman estua duten emakumeak dauden bezala, badaude gertutik jarraitzen ez gaituztenak ere, instituzioekin ez dutelako harremanik, edo ez dutelako gugandik ezer behar izan, edo ez zaielako informaziorik heltzen… Eta euren pertzepzioa zein den ezagutu nahi genuen”. Profil horrekin batera, beste hiru profil ere identifikatu dituzte, bereziki: Jabekuntza Eskolako erabiltzaileak, mugimendu feministako aktibistak eta emakume migratuak.

Hala, 84 elorriarren iritziak jaso dira denera: 74 emakumerenak, 5 gizonezkorenak eta generoa zehaztu ez duten 5 pertsonarenak. Adin tarte guztietako iritziak jaso dira, gehienak 40 eta 69 urte artekoak izanik. Elkarrizketen %81 euskaraz egin dira.

Dinamizatzaileen balorazioa oso positiboa izan da, oro har: batzuek kafe baten inguruan egin dituzte topaketak, beste batzuek taldean edo banan banan, paseo batean... baina kasu guztietan giro atseginean, gaietan sakonduz.

Jasotako erantzunak partekatzerakoan, sintonia nabaritu dute herritarren ikuspuntuan. Zaintza guztiei interesatzen zaien gaia dela ondorioztatu dute, eta kirolak ere zeresan handia piztu du. Esaterako, kirol elkarteetan indarkeria matxista lantzea inportantea dela iruditu zaie.

Berdintasun Sailaren ekimenik ezagun eta baloratuenak Jabetza Eskolako ikastaroak direla aipatu dute, elkartzeko eta gogoetarako espazioa bermatzen duelako. Ilusio handiena, berriz, kaleko ekimen kolektiboek pizten dute: Martxoak 8ko eta Azaroaren 25eko deialdiek, edota greba feministek.

Hobetzeko kontuen artean, Udaletik egiten dena gehiago ezagutarazi beharra dagoela ere igarri dute. Bestalde, gainontzeko sailetan sustatzen diren ekimen batzuk berdintasunarekin lotzen ez direla ere azaleratu da, adibidez, hirigintzako planean genero ikuspuntua txertatzen denean, edo Iturri Kultur Etxean LGTBIQA+ gaia lantzen duen erakusketa jartzen denean. Beharrezkoa ikusi dute, bestalde, berdintasunean inplikatzeko gizon taldeak sortzea.

Laburtzeko Elorrion berdintasun politiken norabide berritzaile eta anbiziotsua osatzeko oinarria, ilusioa eta lehengaia badagoela argi geratu da. Prozesuak aurrera jarraituko du datozen asteetan, Elhuyarren aholkularitza lagun.​