Astxiki mendiaren gailurrean altxatzen zen XI. eta XII. mendeen artean Nafarroako Erresumaren defentsa-sistemaren parte izan zen Erdi Aroko gazteluaren 3Dko birsorkuntza birtuala egin du Iñaki Sagredo arkeologo eta historialariak. Bada, ostegun honetan, maiatzaren 23an, arratsaldeko 18:30etik aurrera, horren gaineko hitzaldi bat eskainiko du Abadiñoko Txanporta kultur etxean.

Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, esku-hartze arkeologikoa izan zen Astxikin eta lortutako materialen analisiaren ondoren, han egindako aurkikuntzak gaur egun Bilboko Arkeologia Museoan kontserbatzen dira. Gainera, bere garaian egindako zundaketetatik, duela hamarkada bat baino gehiago Abadiñoko 700 izen inguru biltzen zituen toponimiari buruzko lana egin zen.

Horietako batek Gazteluatx aipatzen zuen Astxikiren ordez, eta hori izan zen gotorleku hori dagoeneko bere argitalpenetako batean sartua zuen Iñaki Sagredorentzat abiapuntua. Orduan, gai horretan sakontzea erabaki zuen, gazteluaren erreferentzia berriak aurkitzeko. Birsorkuntza birtuala egiteko erreferentzia historikoak, gaztelua zelangoa zen erakusten zuten irudiak eta lekuan bertan aurkitutako ikerketa arkeologikoen eta aurkikuntzen informazioa erabili dira.

“Lan hau, aurreko legealdietatik egiten ari den urteetako lanaren emaitza da eta herri gisa dugun ondarea ezagutzeko eta horri balioa emateko interes kolektiboa agerian uzten du. Hurrengo pausoa ikerketa historiko hau ezagutzera ematea izango da”, azaldu du Mikel Urrutia alkateak.