Astelehen honetan, apirilaren 22an, hasi egingo ditu Elorrioko Udalak Santa Ana komentuaren eta Txintxirri ikastolaren arteko kantoia oinezkoei zabaltzeko lanak, eta hiru hilabeteko iraupena aurreikusi dute. Horretarako, Udalak 200.039,05 euro bideratuko ditu.

Proiektu honen xedea da Ikastolaren eta Santa Ana Komentuaren artean dagoen lur-zatia urbanizatzea, Santa Anako Kantoia izenekoa, eta, horrez gain, inguruan dagoen pasabidea aldatzea, Goieta eta Elizburu kaleen arteko espazio hori oinezkoentzat ireki ahal izateko.

Proiektuaren xede den eremua Txintxirri Ikastolaren eta Santa Anako moja domingotarren komentuaren artean dago. Kantoiaren luzera 106 metro ingurukoa da, eta guztira 11,36 metroko desnibela du.

Kantoi hori iraganean Elizburu eta Goieta kaleen artetik igarotzeko erabiltzen zen, eta, gutxi gorabehera, itxita egon da azken 100 urteetan.

Oinezkoen pasabiderako sarbidea arautzeko beharra dela eta, hainbat jarduketa osagarri egitea aurreikusten da eremutik kanpo. Elizburu kalean, oinezkoentzako egungo pasabide jasoa kenduko da, Ikastolako eta komentuko espaloiek oso zabalera txikia dutelako. Horrekin batera, kalexkaren aurrean oinezkoentzako pasabide berri bat egingo da. Bestalde, Goieta kalean dagoen harrizko horma eraitsiko da.

Urbanizazio-proiektu honek Udalak eskatutako beharrei erantzuteko beharrezkoak diren jarduketak jasotzen ditu, hala-nola, kantoia herritarrei irekitzea, arrapala eta eskailera paraleloaren bidez oinezkoentzako pasealekua egitea, Elizburu kaleko pasabide garaia hobetzea, eta Goieta kaleko azken kotak Goietako A-3.5 Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren urbanizazio-proposamenera egokitzea.