Zabalik dago Getxo Kirolaken udako ikastaroetan parte hartzeko izena emateko epea. Aurten 1.550 plaza inguru eskainiko dira uztailean eta abuztuan Fadurako eta Gobelako kiroldegietan egingo diren haurrei, gazteei zein helduei zuzendutako ikastaroetan. Izena emateko beharrezkoa da abonu-txartela edukitzea.

Aurretiko izen-emateak maiatzaren 3ra bitarte egin daitezke Getxo Kirolak-en web orrialdearen bidez, edo aurrez aurre Fadurako edo Gobelako herritarren arretarako bulegoetan. Plazen zozketa eta behin betiko esleipena maiatzaren 7an argitaratuko da.

Eskaintzaren barnean, 4 eta 14 urte arteko haurrentzako aisialdiko eta kirol anitzeko ikastaroak nabarmendu behar dira; astelehenetik ostiralera egingo dira goizetan, eta 4 ordukoak izango dira. Gainera, zaintza-zerbitzua egongo da jardueren ordutegia baino ordu erdi aurretik eta ondoren. Ikastaroetan, egunero ingelesa emango da ordubetez. Halaber, Grand Slam ikastaroak egongo dira 8 eta 16 urte arteko adingabeentzat, tenisa, padela eta uretako jarduerak praktikatzeko. Igeriketa-klaseak, berriz, Getxo Igeriketa klubak emango ditu 4 eta 17 urte arteko adingabeentzat.

60 urtetik gorakoentzako programa

Getxo Kirolak-ek “Kostaldean” programa ere antolatu du 60 urtetik gorako pertsonentzat. Programazioa doakoa da, eta ez da aurrez izenik eman behar. Besteak beste, gimnasia-klaseak parkeetan, kalistenia, yoga eta aquagym egiteko aukera eskainiko da.   

Kirol-klubek antolatutako jardueren eskaintza

Getxo Kirolak-en eskaintzaz gain, Getxoko klubek ere kirol-ikastaroak eta -campusak antolatuko dituzte udan honako modalitate hauetan: atletismoa, kirol egokitua eta inklusiboa, errugbia, eskubaloia, futbola, gimnasia erritmikoa, psikomotrizitatea eta gimnasia, igeriketa, patinajea, kirol anitza, saskibaloia, tenisa, txirrindularitza, arrauna, bela, kayaka, paddle surfa, surfa eta xakea.

Horietan izena emateko ez da beharrezkoa izango Getxo Kirolak-en abonu-txartela edukitzea, baina badutenek %7ko deskontua eskuratu ahal izango dute. 

Getxo Kirolak-ek liburuxka bat argitaratu du udako kirol-eskaintza osoarekin, eta liburuxka Fadurako eta Gobelako bulegoetan jaso daiteke edota Getxoko kirol erakundearen web orrialdean deskargatu.