Igandean, martxoak 3, Lezamako biztanleriak eta Udaleko langileriak bertoko 240 zuhaitz ladatu zituzten Guardetxe inguruan, Vivero-ra igoerako errepide inguruan, bere Zuhaitz Egunak 25 urte baino gehiago bete ondoren. Honela, 190 astigar, gaztainondo, gorosti eta intxaurrondo eta 50 haritz landatu ziren. Azken hauek Bizkaiko Foru Aldundiak eman zituen Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzearen Sailaren bitartez, zuhaitz autoktonoak zabaltzeko eta birpopulatzeko Haritz Programaren barruan, Europar Batasuneko Eskualde Garapeneko Europako Funtsarekin batera finantzatuta. Udalak gainontzeko zuhaitzak erosi zituen mintegi espezialiazatuetan. Gainera, nahiz eta eguraldi txarra egon, pertsona eta familia ugarik zuhaitzen landaketaz, ohiko sasimartxoaz eta haurrentzako tailerretaz gozatu ahal izan zuten.

Pasa den igandean 240 zuhaitz landatu zituzten Lezaman. L.U.

Bestalde, Udalak herriko gune desberdinetan zuhaitzen birpopulaketa ekintzak egin ditu. Lehenik eta behin, 36 gaztainondo indiar, ezki, astigar sikomoro, masustondo, sahats zuri eta negarti eta lizarrak landatu ditu Goitioltzako txokoaren aurrean dagoen zelaian, auzoko jaiak ospatu ohi diren tokian. Horrela, itzal-guneak sortuko ditu espazio horretan, egunik beroenetan eta eguzkitsuenetan erabili ahal izateko. Era berean, Umeentzat Lanean Guraso Elkartearen eskaerei erantzunez, 8 haltza eta 8 masustondo landatu ditu Eskola Publikoaren atzealdean.

“Duela urte batzuetatik egiten ari garen bezala, gure ingurunearekiko eta ingurumenarekiko konpromisoarekin lan egiten jarraitzen dugu, udal-kudeaketaren ardatzetako bat baita. Lezamarren bizi-kalitatea hobetzea beti izan da gure lehentasunetako bat eta, horregatik, herritarrek planteatzen dizkiguten gaiei erantzun behar diegula uste dugu”, onartu du Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkateak.