Joan den asteazkenean, Abanto Zierbenako Udalak 2024ko aurrekontua onetsi egin zuen ezohiko osoko bilkuran. Guztira 24.475.252,26 euroko aurrekontua izango du Udalak ekitaldi honetan.

Proiektuaren lehentasunezko xedea da Abanto Zierbenan ekonomiaren, enpleguaren eta herritarren ongizatearen susperraldia sendotzea, munduko ingurune ekonomiko eta sozial aldakor honetan; horretarako, pertsona guztien bizi-kalitatearen etengabeko hobekuntzari eta udalerriaren hiri-garapen jasangarriaren aldeko apustuari eutsiko zaio.

2024ko aurrekontuak gertaera esanguratsua du: Kapital Transferentzien kapituluan 7 milioi euro baino gehiagoko aparteko diru-sarrerak sartu dira. Transferentzia hori hiri-eremuak berroneratzeko Next Generation Europako funtsen sarrera da; izan ere, kasu honetan, funts horiek oso-osorik bideratuko dira eskatu eta onetsi zen proiektura, hau da, Peñucas auzoaren hiri-berroneratzera. Proiektu horrek, halaber, Eusko Jaurlaritzako Berpiztu Funtsen finantzaketa eta Udalaren beraren eta prozesu honetan parte hartzen duten eraginpeko bizilagunen erkidegoen ekarpenak ere jaso ditu.

Era berean, gainerako kapituluetan sarrerak handitzea aurreikusi da. Horri esker, Udalak udalerria, azpiegiturak eta zerbitzuak modernizatu ahal izango ditu, gizartearen erronkei ongi kudeatuta dagoen eta kaudimenduna den administrazioaren bidez aurre egin ahal izateko.

Aipatutako datuak kontuan hartuta, 2024ko aurrekontua 24,5 milioikoa da, gutxi gorabehera, hau da, 2023ko aurrekontua (15,6 milioitik gorakoa) baino % 56,71 handiagoa. Hala ere, aparteko Kapital Transferentziaren datuak (Next Generation Europako Funtsen diru-sarrera) alde batera utzita, 2024ko aurrekontua 17,3 milioi eurora iritsiko zen gutxi gorabehera: 2023koa baino % 9,11 handiagoa.

Aurreikusitako gastuak

Aurreikusitako gastuei dagokienez, azpimarratzekoak dira atal hauek: Inbertsio Errealak, Langileen Gastuak eta Ondasun eta Zerbitzu Gastuak.

Inbertsio Errealei gutxi gorabehera 1,9 milioiko zenbatekoa esleitu zaie, hau da, 2023an baino % 123,10 gehiago. Datu horrek argi eta garbi erakusten du Udalak interes handia duela hiri-eraldaketan eta udal-zerbitzuen hobekuntzan. Partida horretako 100.000 € landa-auzoetan inbertituko dira, 200.000 € Partaidetzako Aurrekontuetan, 100.000 € kirol-instalazioen hobekuntzan, 130.00 €-tik gora ikastetxeetan, eta 315.000 € Peñucas auzoaren hiri-berroneratzean, Udalak egindako aparteko inbertsio gisa. Azken proiektu horrek Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu Funtsak ere jaso ditu (ia 700.000 euro), Euskaltegiaren eremua osoa birgaitzeko. Halaber, 50.000 € Sanfuentesko Haur Parkea garatzeko erabiliko dira, 30.000 € gazteen moduluak berritzeko, 50.000 € adinekoentzako lokalen irisgarritasuna hobetzeko, 50.000 € Loredoko espaloi berria egiteko, 200.000 € argiteria publikoa hobetzeko (jasangarritasun eta efizientzia energetikoko proiektua baita), eta, azkenik, 40.000 € informatikaren, lizentzien eta funts bibliografikoen arloko inbertsioak egiteko.

Bestalde, Langileen Gastuak kapitulua % 18,5 handitu da; 2024rako aurreikusitako Lanpostuen Zerrendako gastuak (plantilla aldi baterako ordeztea) estaltzeko beharrezkoak diren zenbatekoak dira, besteak beste, hainbat lanpostutako zereginpilaketa, osasun-laguntzako kostuak, prestakuntza, langileen aseguruak eta gainerako karga sozialak. Gainera, kapitulu honetan, Abantoko gazteen kontratazioaren kostuak sartu dira. Lanbidek % 90eko diru-laguntza ematen du.

Ondasun eta Zerbitzuen Gastuen zenbatekoari dagokionez, % 9,34 handitu da. Gastu horien artean sartzen dira, batez ere, herritarrentzako programak mantentzea edota hobetzea eta, 2024rako aurreikusitako lizitazioen bidez, zerbitzu berriak kontratatzea edo eguneratzea.

Aurrekontu horiek egiteko kontuan hartu dira herritarrekin hartutako konpromisoak, talde politikoek urte osoan zehar batzorde eta osoko bilkuretan egiten dituzten ekarpenak, partaidetzako prozesuetan eta, bereziki, Partaidetzako Aurrekontuen prozesuan udalerriko biztanleek lehenik egiten dituzten proposamenak. Proposamen horiek lehenik proposatu egiten dira eta ondoren lehenetsi egiten dira prozesua osatzen duten faseetan.

Atzeratzea

Otsailaren 29an Osoko Bilkura egin zen, non, hasiera batean, udal-aurrekontuen gaia eztabaidatuko zen. Hala ere, atzeratu behar izan zen; azkenean, 2024rako aurrekontuak martxoaren 6an eginiko ezohiko Osoko Bilkura batean onetsi ziren.

Hasiera batean, gobernutaldeak talde politiko guztiei proposatu zien otsailaren 29ko Osoko Bilkuran aurrekontuen gaia sartzea, nahiz eta informazio batzordea oraindik egin gabe zegoen, otsailaren 28an egin baitzen. Informazio batzordearen ondoren, batzordearen irizpena jaso behar zen, eta hori ere Osoko Bilkuraren deialdiari gehitu behar zitzaion. Otsailaren 29an irizpena oraindik amaitu gabe zegoen. Hala ere, gobernutaldeak uste zuen ez zegoela arazorik puntu hori sartzeko, talde politiko guztiekin lehenago hitz egin zutelako eta ados zeudelako Osoko Bilkuran aurkeztearekin. Hala ere, Osoko Bilkuraren egunean, EH Bilduk uko egin zion gaia eztabaidatzeari. Hortaz, egun horretako Osoko Bilkuran ez aurkeztea erabaki zen, ez zegoelako adostasunik martxoaren 6ko ezohiko Osoko Bilkurarako deialdia egitea adostu zen. Nabarmendu behar da hasiera batean puntu hori gehitu nahi izan genuela, premiazko gaia zelako eta gainerako taldeekin hitz egin ondoren ados zeudelako.

Era berean, Abanto Zierbenako Udaleko gobernutaldeak baieztatu du ez dagoela alderik gainerako talde politikoei aurkeztutako aurrekontuaren eta otsailaren 29ko Osoko Bilkuran aurkeztutakoaren artean. Aurrekontu erreala 17.321.773,60 eurokoa da. Aipatu zen aurrekontuari Peñucasko proiektuari dagozkion partidak gehitu beharko zaizkiola, diru-sarreretan gehitu eta gastuetan kentzen den dirulaguntza baita; hortaz, ez dio aurrekontuari eragiten. Hala ere, aurrekontuaren barruko partidetan sartu behar denez, zenbateko osoa 24.475.252,26 eurokoa da.