Larunbat honetan, otsailaren 10ean, hasi egin dira ‘Deabruaren zubia’ izenez ezagutzen den zubia ordezkatuko duen pasarela egiteko lanak. Zubi zaharra zegoen leku berean jarriko da, Durango eta Iurreta artean, Ibaizabal ibaiaren gainean. Arripausuetan UE-16ko etxebizitzak garatzen dituen sustatzaileak egingo du lanak, eremu hori urbanizatzeko baldintza gisa. Obrak 3 hilabete inguruko epean egitea aurreikusten da.
Pasarela segurua eta irisgarria
Egitura berriak 42,6 metroko luzera eta 2,48 metroko zabalera izango du, eta durangarrentzako pasabide segurua eta irisgarria izatea da helburua. Proiektuaren hasierako urratsetan, zubiaren estribuak prestatuko dira, hormigoitze lanak egingo dira eta mikropiloteak txertatuko dira.
Pasabidea ‘Deabruaren Zubia’ zegoen leku berean kokatuko da, atletismo pistaren iparraldean, Landakoko bidegorria dagoen tokian, eta Ibaizabal ibaia zeharkatzen duen laugarren zubia izango da. Hobekuntza horrek eragin positiboa izango du Durangoko oinezkoen mugikortasunean. Gainera, Iurretako Udalak oinezkoentzako ibilbidea hobetzen lagunduko du, N-634 errepidean semaforo batek erregulatuko duen zebrabide bat eraikiz, esaterako.
Durangoko alkatea den Mireia Elkoroiribek azpimarratu duenez, “pasarela berriak nabarmen hobetuko du irisgarritasuna zubi zaharrarekin alderatuta. Ez du eskailerarik izango eta zabalagoa izango da, udalerri atsegin, irisgarriago bat eraikitzeko dugun konpromisoa islatuz, durangar guztiak kontuan hartzen dituena”.
Bidegorria aldi baterako itxita
Obren zuzeneko ondorio gisa, ondoko bidegorria oinezkoentzako itxi egin beharko da, gutxi gorabehera hiru hilabetez. Udalak barkamena eskatu du lanek sor ditzakeen eragozpenengatik.