Karrika antzerki taldeak bere 25. urteurrena ospatuko du gaur arratsaldean San Agustin Kultur Gunean. Garai hartan, 1998an, inor gutxik pentsatuko zuen “euskal antzerkigintzak zuen hutsuneetariko bat betetzeko asmoz eta eskolaz kanpoko ekintza bezala” hasi zen proiektu xume batek 25 urteko ibilbide oparo bat osa zezakeenik. Karrika horren adibide garbia da. “Gazteen sormena bultzatzea, ikuskizunak euskaraz sortu eta plazaratzea, lan prozesua talde lanean oinarritzea eta irudia eta soinua plastikaren mesedetan erabiltzea ziren eta dira gure proiektuaren zutabeak”, gogoratu dute taldeko kideek.

Durangoko Fray Juan de Zumarraga Institutuko proiektu batetik abiatuta, Kurutziaga ikastola, Berbaro eta institutuaren elkarlanaren babesa izan zuen talde amateurrak eta hastapenetan Jose Martin Urrutia Txotxe izan zen konpainiaren bultzatzaile nagusietako bat; hainbat antzezlanen zuzendari eta testuen egile izan zen. Hala nola, Fartsa (1998ko ekainean estreinatu zen kale antzerkia), Haize freskoa frenopatikoan (1998ko abendua), Kokopeli komandoa (1999), Martxoak 31 (2007), Ametsen faktoria (2008) eta Oinez dabilen jende eskasa (2009), besteak beste. Hain zuzen ere, lan hori izan zen Eneko Sagardoy aktore durangarrak interpretatu zuen lehen pieza eta urte batzuk geroago, 2018an, Sagardoyk Goya saria irabazi zuenean, Karrikan izandako bizipenak eta urte horretan bertan hil zen ‘Txotxe’ gogoratu zituen.

Izan ere, urte hauetan guztietan, Karrikak partaideen joan etorri handia izan du. “Taldean gaur egun zortzi lagun gabiltza, baina ibilbide luze honek eta eskola bokazioak, kide batzuk afiziotik ofiziora bilatzeko nahia piztea ere lortu du”, azpimarratu dute.

Taldearen lehen urteetan entsegu lokala institutuko aretoa izan zuten, baina San Agustin Kultur Gunea zabaldu zenetik, hartu-eman estua izan dute eta bertako konpainia egoiliar egongorra da. “Durangon dagoen arte eszeniko erakusketa areto bakarra denez, hasieratik ateak zabal-zabalik izan ditugu gure ikuskizunak plazaratzeko, baita aurretik entseatzeko ere”, azaldu dute.

Gauzak horrela, Durangoko bonbardaketaren 70. urteaurrenak San Agustin eta Karrikaren arteko harremanean mugarri bat ezarri zuen. “Martxoak 31 lana sortzeko beharra ikusi genuen, egun tragiko horretan Durangon gertatu zena islatzeko. Hortik aurrera harreman egonkor bat garatzen da San Agustin eta Karrikaren artean”, gehitu dute.

Gala berezia

Talde durangarra 25. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dabil. Pasa den urrian txosnaguneko txupinazoa botatzeko aukeratuak izan ziren eta azaroan Gaba Baltzan parte hartu zuten. Gaur, berriz, urteurrena ospatzeko gala egingo dute. Arratsaldeko 17.30ean topaketa egingo dute Santa Ana plazan. 18.30ean kalejira abiatuko da eta 19.30ean ospakizunak San Agustinen jarraituko du.