Iazko urtearen balorazio “oso positiboa” egin du Lekitto Bedarra elkarteak. Bere betiko filosofiari tinko eutsita eta auzolanean arituta, taldeko kideek ederki asko baloratu dituzte 2023an egindako ekimenak. Zenbait datu baliatuta euren balantzea egiteko, eta Usotegiko ortu komunitarioa erdigunetzat hartuta, gutxi gorabehera 350 kilo barazki banatzea lortu zuten, hamabi alditan. Hala ere, taldeak beste zenbait egitasmotan parte hartu zuen, hala nola Lekeitioko Lagunkoi programa edota eragile moduan egindako hainbat proposamen.

Usotegi ortua martxan dela argiro adierazi dute Lekitto Bedarrakoek. Bada, zazpi alditan eman zituzten bertan jasotako uzta: zazpi Elikagai Bankuari, lau Dominikar monjei etabeste baten Bihotz Zabal elkarteari. “Aurrekoetan modura, letxugak izan dira kopuru aldetik gehien ekoiztu eta emandako berdura, 1.000 aletik gora, horrekin batera porruak, azak, aza loreak, pipar, patata, kalabaza, pepino, lonbarda, kipulak, babak, idarrak, bruselaseko azak… eta abar. “Denak ortuan ekoiztatutako berdurak izan dira”, gaineratu dute. Bada, hasi berria den urtean “asmo berdinarekin jarraitu nahi dugu baina hartzaileek inplikatzea nahi dugunez, aztertzen ari gara eurak zuzenean Usotegira etortzea eta bertan eman daukagunetik nahi dutena”. Modu honetan “harreman zuzen bat sortu nahi dugu eta gurekin batera arituz, esan gaituela zelako berdura mota duen gustukoa guk landatzeko, auzolana landu eta elkar ezagutu”, Hauexek dira euren helburuak.

Lekitto Bedarra elkarteakoak, Usotegin batutako uzta erdian dutela.

Bestalde, ohikoa da Lekitto Bedarra elkarteak noizbehinka ikastaroak –nekazaritzari, beti ere lanbide hau aisialdirako aukera moduan ikusita– antolatzea. Iazkoan sei izan ziren: porru landaketa, mahats inausketa, patatak zelan erein, inausketa berdea praktiktan jarri, tomatearen sekretua eta neguko landakei buruzkoak izan ziren. “Guztira 110 lagun inguru pasatu dira, eta arrakastatsuena tomateari buruzkoa izan da. Bertan gainera azken 60 urtetan Lekeition ekoiztutako tomate punta luze landarak banatu genituen partaideen artean”, azaldu dutenaren arabera.

Lekeitio Lagunkoia deritzon programan parte hartze oso aktiboa izan dute. “Asteko ostegun guztietan batzen izan gara Usotegin arratsaldeko 16:00etatik 18:30etara bitartean, Lagunkoi bakardade programa barruan, belaunaldien arteko harremanak sendotu eta leku bat izateko non arratsalde on bat pasatzeko”. Eta egun horietan “auzolan erara gauzatzen izan dituguz hainbat ekintza: ortugintza, tresneri pintaketak, mantenimendua, aurreko belaunaldiaren lan modu eta bizia konpartitu… eta abar”.

Azkenik, eragile modura egindako lanen artean, Lekeitiotik Oletara doan Lami bidean egindako aportazioak nabarmendu nahi izan dituzte, Bizkaia Gara deritzon erakundearen eskutik: edota Udalari egindako proposamenak, orotara 25 izan zirenak aurrekontuen prestaketa lanetan. Lan gutzi honek, gainera, saria izan lezake: izan ere Eusko Jaurlaritzak Adinekoentzako Lagunkoitasun Jardunbide Egokien sarira aurkeztu da Lekitto Bedarra.