Bizkaiko Foru Aldundiak ezagutzera eman du berak kudeatutako museoek, aretoek eta historia intereseko lekuek Gabonetarako prestatu dituzten egitarau bereziak.
Arkeologi Museoak historialari eta arkeologo txikientzako tailerrak izango ditu. Hilaren 27an ‘Apaindu zaitez’ tailerrean gure arbasoek erabiltzen zituzten apaindurak ezagutuko dituzte. Abenduaren 28an ‘Joko Erromatarretan’ garai erromatarrean nola dibertitzen ziren ikusiko dute, eta abenduaren 29an ‘Erasora’ tailerrean Bizkaiko Erdi Aroko gotorlekuak nolakoak ziren ikasiko dute.
Bere aldetik, Arrantzaleen Museoan abenduaren 13an ‘Bermeo Erdi aroan’ erakusketa eta bere inguruko hitzaldien zikloa martxan jarriko dira. Aingeru Astuiren ‘Bermeoko bela arrantza’ liburua ere aurkeztuko dute abenduaren 22an. Eta umeentzako jardueren artean azpimarratzekoa da abenduaren 17ko ‘marrazketa ikastaroa’. Bertan, mural handi bat diseinatuko dute. Gainera, museoan ipuin kontalari batek Gabonetako istorioak kontatuko ditu.
La Encartada Fabrika-Museoak aukera emango die umeei hainbat materialekin neguko paisaia bat sortzeko. Jarduera horrekin batera askotariko eskulanak egiteko Gabonetako txokoetan parte hartu ahalko dute.
Txakolingunean Txakomic erakusketa bisitatzeko aukera egongo da, eta abenduaren 17an Santo Tomaseko dastaketa egongo da, Bizkaiko hiru txakolin hiru talo ezberdinekin uztartuta. Umeentzako jardueren artean azpimarratzekoa da abenduaren 30eko ipuin kontalari musikatuaren ‘Din, dan, don Eguberri On!’ ikuskizuna, Sorgina-txirulinak eskainiko duena.
Sorgina-txirulina ipuin kontalaria abenduaren 23an Santimamiñen egongo da baita ere, eta euskal mitologiaren inguruko kontakizun musikatua eskainiko du. Abenduaren 16an Olentzero eta Mari Domingi Santimamiñeko kobazuloetara hurbiltzen diren umeak bisitatzera joango dira.
El Pobalgo Burdinolan ohiko burdinola-errotara egiten diren bisita gidatuez eta abenduaren 23an eta 30ean egingo dituzten burdinolaren erakusketa bisitez gain, umeentzako tailerrak egongo dira, besteak beste abenduaren 27an taloak egiteko tailerra, abenduaren 28an ogia egitekoa eta abenduaren 29an eta 30ean eta urtarrilaren 5ean ’Errementariaren etxean jolasten’ izeneko tailerra. Gainera, museoko bisitariek ‘Olentzeroren mundua El Pobalgo burdinolan’ dioramaz disfrutatu ahalko dute. Aurten, gainera, La Valleko portuaren berregitea izango du, Juan Miguel Cortés artistak egindakoa.
Bere aldetik, Euskal Herria Museoak Gabonetako programazioa prestatu du umeentzako tailerrekin eta hainbat bisitekin, Europako Herrialdeetako Parkeko eskulturak deskubritzeko. Bisita eta gero, umeek eskultura bat egingo dute.
Ondare Aretoan abenduan ohikoak diren komentatutako bisitak egingo dira, eta bereziki interesgarriak dira abenduaren 12an Bernardo I. García de la Torre komisarioak emango duen hitzaldia eta ‘Bilboko zinemarentzako arkitekturak’ erakusketa. Gazteentzako Gabonetako tailerrak programatu dituzte baita ere eta denboran egindako bidaian leku magikoak ezagutuko dituzte,
Rekalde Aretoan programazio zabala egongo da. Abenduaren 14an ‘Varietés’ erakusketaren bisita komentatua egingo du Eduardo Sourrouille artistak, eta bisitariei bertako obrak azalduko dizkie. Gainera, familiarentzako tailerra eta ‘Laino artean’ proposamena egongo dira, zeinak artea eta teknologia lotzen dituen gazteenentzat, biak ere abenduaren 16an. Abenduaren 26an eta 27an eta urtarrilaren 2an eta 3an familia erretratuak egingo dira Gabonetako tailerretan. Eta azkenik, abenduaren 28ko eta 29ko ‘Christmas on the road’ tailerrean gazteenek material berriekin esperimentatuko dute ingelesa ikasten duten bitartean.