Adiskide Pilota Elkarteak, Ibaizabal Saski-baloi Taldeak, Galdakao Atletismo Taldeak, Galdakao Boleibol Taldeak, GDKO Igeriketak, Galdakao Futbol Taldeak eta Txirrindularitza Gelak gazteek kirol esparruan euskara sustatzeko helburua duen ‘Kirolean be euskaraz’ egitasmoarekin bat egin dute Galdakaon. Horren erakusgarri, kirol taldeek egitasmoari babesa adierazteko egunotan ateratako argazkiak.
2023/2024 ikasturtean ‘Kirolean be euskaraz’ programak herrian haur eta nerabeekin lanean ari diren kirol zuzendaritzei hizkuntza aholkularitzaren eta irizpideen inguruko lan saioak eskaintzen hasi dira, taldearen ohiko jardunean euskara erabil dezaten.
Estrategikoa da kirola; izan ere, umeen % 85ak kirola egiten du. Eta proiektu honekin lor daitekeena da euskararekiko duten pertzepzioa positiboa izatea. Ume batek bere kirol erreferentean, hezkuntza ez formaleko aisialdian, euskara entzuten badu, ohitu egingo da euskara bere egunerokotasunean, eskolatik kanpo ere entzutera. Eta esperientzia positiboarekin lotuko du.
Programaren helburuak hauek dira:
- Kirol elkarteetan euskararen erabilera eta presentzia bultzatu eta areagotzea: entrenamenduetan, kirol elkarteen komunikazioan, kirol guneetako paisaia linguistikoetan eta ariketa sozialetan parte hartuz.
- Elkarteetan hizkuntza irizpideak adostu eta finkatzeko behar bezalako aholkularitza eskaintzea; elkarteek apurka-apurka, eurekin adostutako neurriak gero eta modu autonomoagoan euren jardunean eta kudeaketan txerta ditzaten.
- Elkarteen euskararen aldeko jarrera sustatzea eta era berean, euskararen ahozko zein idatzizko erabilera bultzatzea bai kluben kanpoko komunikazio ofizialetan (kartelak, propaganda, sare sozialak), bai barnekoetan (familiekin, zuzendaritzako kideekin) ere.
EBETE hizkuntza-zerbitzuak da egitasmoa jorratzen ari den enpresa eta parte hartzen ari diren kirol elkarteetako txikienetatik hasi eta kadete kategoriara arteko kirolariekin ari da.
Hilabeteotan ekimena kirol elkarteei aurkeztu zaie, eta, dagoeneko, kirol elkarteak lanean hasi dira.
Kirol esparruan euskararen sustapenean gazteengan eragiteko, lehenengo zuzendaritza taldeekin eta entrenatzaileekin arituko da, ostean kirolariekin eta komunikazio arloarekin, eta amaitzeko, gurasoekin eta Galdakaoko kirolarientzat erreferenteak diren kirolariekin.