Aurreko edizioek izandako arrakasta kontuan izanda, Zuden Adventure klubak martxan jarri du, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin, Txakurkros lasterketaren hirugarren edizioa. Abenduaren 17an jokatuko da, goizeko 10:00etatik aurrera. Dagoeneko zabalik dago lasterketan parte hartzeko epea. Beraz, partu hartu nahi dutenek bi modu izango dute izena emateko. Alde batetik, Sportmaniacsen webgunean, esteka honetan, eta bestetik, zuzenadventure@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaliz.

Anbulatorioaren inguruan izango du hasiera eta helmuga lasterketak eta orotara korrikalariek 6,8 kilometroko ibilbidea egin behar izango dute 240 metroko desnibelarekin. 10:00etan hasiko bada ere, igandean bertan, 07:00etatik 09:00etara bitartean albaitaritza kontrola eta materialen berrikuspena egingo dira anbulatorio ondoan. Lasterketaren ostean sari banaketa eta jatekoa izango dira korrikalarientzat, 12:30ak aldera. 

Antolakuntzatik dei berezia egin dute igande horretan inguruetan egongo direnei, bereziki maskotekin ibiltzeko asmoa dutenei: txakurrak lotuta eraman ditzatela eskatu diete, ezbeharrik gerta ez dadin.

Txakurkrosa hazten ari den kirola da, baina nahiko ezezaguna; horregatik, lasterketarekin kirola ezagutarazi nahi dute antolatzaileek. Lehiaketa araudi ofizial batek arautzen du, korrikalarien eta txakurren ongizatea bermatzeko.

Bide batez, lasterketaren antolakuntzak jakinarazi du anbulatorioko parkinga albaitarien kontrola pasatzeko eta lasterketako parte hartzaileentzako egokituta egongo dela, eta bestetik, korrikalariek poltsa bat jasoko dutela lasterketan erabiltzeko materialarekin.