Joan den urrian Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 2023 Euskadi Literatura sarietako lehen hiru irabazleen izenak ezagutzera eman zituen. Hain zuzen ere, Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitateetako 2023ko irabazleak: Arantxa Urretabizkaia, Azken Etxea (Pamiela); Patxi Zubizarreta, Zerria (Erein); eta Joseba Larratxe, Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar). Aste bete beranduago beste lau modalitateetako sarituak ezagutzera eman ziren: Alejandro Morellón, El peor escenario posible; Abdulrazak Gurnah, Paradisua; Miren Billabeitia, Norberak maite duena eta Ander Izagirre, Vuelta al país de Elkano. Aurtengo Azokan Euskadi Literatura sarien protagonistak elkartuko dira abenduaren 10ean antolatu diren bi mahainguruetan.
Azken etxea
Euskarazko Literaturako sariko epaimahaiak Arantxa Urretabizkaiaren obrak “eskaintzen dituen ezaugarri formal eta hautu estetiko bereziak” azpimarratu zituen, baita “ikuspegi zein planteamendu narratiboan harturiko arriskuak ere”. Arantxa Urretabizkaia 1947an jaio zen. Kazetari lanbidez, prentsa idatzian, irratian nahiz telebistan egiten du lan. Idazle gisa poesia idazten hasi zen eta eleberriekin jarraitu. Saritua izan den narratiba honetan azken etxearen bila dabil protagonista, bizitzaren azken arnasaldiaren bila, azken babes-lekuaren bila. Hendaia aldeko etxe bat begiz jo, eta harekin tematu da. Ez du bizimodu arrunta izan, eta ez dira arruntak izango azken etxe hori lortzeko egingo dituen ahaleginak.
Zerria
Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako saria Patxi Zubizarretari egokitu zaio. Epaimahaiko kideen iritziz, Zubizarretaren Zerria lana “gazteei zuzenduriko eleberri laburra da, errazkeriatik eta gazte literaturaren topiko tipikoetatik aldentzen den literaturazko lan landua”. Obraren sinopsiak aurreratzen duen bezala, “Alpeetako gailurretan jaso du Bereketek Gasparden albistea: Gorpu batzuk deskubritu ditut, bi gutxienez, Tsanfleuron glaziarrean. Albisteak gazte glaziologoa astindu eta asaldatu du, eta ez du onik izan historiaren jatorria eta egia ezagutu arte”.
Ni ez naiz Mikel Laboa
Joseba Larratxeren lanaren inguruan epaimahaiak “proposamen fresko eta oroigarria, erreferentzia eta sinbolismo kulturalen asko jasotzen dituen obra konplexua” dela azpimarratu zuen. Izan ere, Euskal kantaririk miretsiena eta maitatuena, sasoi baten, geografia baten eta jendarte baten ispilu da Mikel Laboa. Ukaezinak dira tradizioa bereganatzeko zuen sena, transgresiorako kemena eta bere ahotsaren bidez komunitatearen mina katarsi bihurtzeko gaitasuna. Ohiko biografia moldeetatik ihesi, Laboaren kantuen izpiritua, aldartea eta umorea hartu dituzte egileek eleberri grafiko honetan bidelagun, errealitatearen errekako korronte geza irudimenaren itsasoko urekin nahasten den puntuan.
Norberak maite duena
Miren Billalabeitiaren lana izan da Saiakera Euskaraz sariaren irabazlea. Gogoeta-bilduma bat da eta liburuen irakurketetatik ateratako emaitza da; zer eta nola irakurri dugun, zein iradokizun sorrarazi diguten irakurketek. Irakurketak irakurle gazteengan, nerabeengan sortzen dituen kezka, iritzi eta gogoeten adibidea ere bada. Idazlan batzuen ondoko gogoetek eragindako aurrera pausuak ikus daitezke, eta agian, ez dagoela liburu zailegirik, elkartean irakurriz gero, liburuek eragindako iradokizun eta uste sakonak elkarren artean jartzen badira.
Falta diren beste hiru sarituak Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena eta Saiakera Gaztelaniaz dira. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria jaso du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.