Landako Gunean egongo den Areto Nagusitik haratago, Durangoko Azoka hainbat gune eta espazioren ekarpenetatik elikatzen da, euskal sortzaile eta kulturaren erakusleiho izateko. Izan ere, 1990etik liburu eta diskoen azokara kulturaren diziplina ezberdinak ordezkatuz gune bereziak lotzen joan zaizkio eta kulturaren plaza bilakatu da. Gune ezberdinetako aurkezpen eta egitarauek aberasten dute azokara bisita eta bizipena. Hala nola, Ahotsenean solasaldiak eta zuzenekoak; Saguganbara, txiki eta familien topalekua; Irudienea, ikus-entzunezkoen plaza; Szenatokia arte eszenikoen txokoa; Talaia, aurkezpen, mahainguru eta dibulgazio lanen elkargunea; Kabia, digitalizazioaren gunea eta Durangoko Museoa ekitaldi berezietarako espazioa dira.

Horietan guztietan, abenduaren 6tik 10era bitartean 265 ekitaldi antolatu dira eta urtero lez, ez dira faltako mahainguruak, liburu eta disko berrien aurkezpenak, solasaldiak, erakusketa, filme eta dokumental proiekzioak, eremu digitalean sortzen diren jarduerak, antzerkiak, dantza, bakarrizketak, familiei begirako aurkezpen eta ikuskizunak eta abar luze bat aukeran izango dira Azokara hurbiltzen diren bisitari guztientzat.

Talaia

Abenduaren 8tik 10era, Landako Guneko Areto Nagusian, euskalgintzako egitasmoen aurkezpenak, mahainguruak eta dibulgazio lanen aurkezpenak izango dira. Guztira 48 ekitaldi antolatuko dira; besteak beste, Irulegiko eskuaren inguruko liburu baten aurkezpena, Joxe Azurmendiren pentsamenduari buruzko mahaingurua Jakinek antolatua, Joseba Sarrionandiak Markos Gimenoren 101 Letrakartel izeneko lana azalduko du, Euskadi Literatura saridun guztiak egongo dira bi solasalditan banatuta...eta espedizioan egongo den Alex Txikonekin online konexioa izaten ahaleginduko dira, Manaslu Neguan liburu berria aurkezteko.

Kabia

Areto Nagusian kokatua, Azokako lehen bi egunetan euskarak mundu digitalean garatzen dituen egitasmoen aurkezpenak hartuko ditu. Zentzu horretan, abenduaren 6rako eta 7rako prestaturiko egitaraua, aniztasunaren adibide izango da: adimen artifiziala, software librea, digitalizazioaren inguruko hausnarketa kritikoak, euskararen erabilera indartzeko tresnak... Euskarazko bideo-jokoetan aritzeko gunea (Game Erauntsia) ere izango da abenduaren 7an.

Saguganbara

Elkartegian dagoen gune honek, haur eta familiek euskarazko liburu, jolas eta musika ezagutzeko eta transmisioan eragiteko helburua du eta hainbat aurkezpen eta ikuskizun antolatuko dira bost egunez. Adibidez, Yolanda Arrieta eta Pello Añorgaren liburu aurkezpenak, ipuin kontalariak, Potx eta Lotx, Ene Kantak... fantasiaz beteriko egunak izango dira. Bestalde, aurtengo Sormen Bekaren irabazlea Saguganbaran ezagutzera emango da abenduaren 9an eta ekintzarik egongo ez den tarteetan, irakurketa librerako gune lasai eta atsegin bat izango da.

Ahotsenea

Sortzaileen gunea da eta bi espazio ditu. Alde batetik, solasaldiak euskarazko literatura aurkezpenetarako Bartolome Ertzilla Musika Eskolan eta bestetik, zuzenekoak euskal disko berrien aurkezpenetarako Plateruena Kutur Aterpean. Oraingoan, 2023an argitaratutako 70 liburu eta 50 disko berriren aurkezpenak bilduko ditu. Egitarau anitza izango da, moldeei eta belaunaldiei dagokienez. Musikarien artean, Nogen, Toc, Amorante, Eire, Ibil Bedi, Txopet, eta Muare, adibidez. Idazleen artean, Harkaitz Cano, Lide Hernando, Miren Agur Meabe, Goiatz Labandibar, Iñigo Martinez, Mari Luz Esteban eta Uxue Alberdi, besteak beste.

Irudienea

30 emanalditik gora izango dira Zugaza zineman. Filmak, dokumentalak, animazioa, podcast emanaldiak, websailak, bideoklipak, laburmetraiak, Kimuak katalogoko lanak... Urtero bezala, eguerdiro, umeentzako programa egongo da. Lan zehatzei dagokienez, Izaroren bideoklip estreinaldia, Gure Zirkuaren dokumentala, Bidasoa dokumentalaren solasaldia eta Habana Glass film laburra aipatu daitezke, adibidez. Gainera, abenduaren 8an, Gazte Eztandarekin lotuta, gazteengandik eta gazteentzako antolatu den egitaraua izango dugu eskura.

Szenatokia

Magia berezia sortzen da San Agustin Kultur Gunean, disziplina ugaritako sortzaileek parte hartzen dutelako. Eta, aurten ere horrela izango da. Antzerkia, dantza, bakarrizketak, inprobisazioa... 10 konpainiak obren pieza laburrak taularatuko dituzte, bakoitza pase bitan. Nabarmentzekoa da abenduaren 8an iazko Sormen Bekaren emaitza aurkeztuko duela Jon Ander Urrestik, Eucalyptus izeneko antzezlana.

Durangoko Museoa

Azokako ekitaldi berezietarako espazioa bilakatu da. Durangoko udalerriaren historia ezagutzeko erakusketa iraunkorraz aparte, aurten Agustin Ibarrolaren lanak erakusgai ditu. Bertan Ximon Agirre kartel egileak solasaldia eskainiko du Euskal Irudigileen Elkarteak antolatuta. Suargi elkarteak Meridiano moreak, Emakume zinemagileak, desgaitasuna eta zaintzak izeneko nazioarteko topaketa antolatuko du; Estibaliz Urresola, Itziar Ituño eta Ainhoa Olaso gazte durangarra izango dira euskal ordezkariak.