Atzerriko turismoak igoera nabarmena izan du aurtengo udako hilabeteetan (ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean). Guztira, aurreko udarekin alderatuta, % 47ko igoera izan du konkretuki. Bestalde, 18.618 turista jaso ditu guztira Getxok hilabete horietan, Turismo Bulegoaren datuen arabera, 2022an baino % 13 gehiago.

Erreferentziako urtearen aldean (2019, pandemiaren aurretik), gehien suspertzen den merkatua da, eta errekorra dakar ehunekoetan (guztizkoaren % 42,5). Okupazioan eta batez besteko egonaldian ere datu onak erregistratu dira, bai hoteletan, bai pentsioetan; eta baliabide turistikoetara egindako bisitek ere (Bizkaia Zubia, Kirol Portua…) nabarmen egin dute gora aurreko urtearen aldean.

Iñigo Urkitza Turismo zinegotziak adierazi duenez, “udaletik eta udalerriko turismoaren eta ostalaritzaren sektoretik ahalegin handia egiten ari gara bisitariei helmuga erakargarria eskaintzeko, bisitarientzako bermea dena, plan, esperientzia eta ostatuen eskaintza zabala duena. Publizitatean eta sustapen turistikoan egindako inbertsioak oso emaitza onak lortu ditu, baita Getxo helmuga turistiko adimentsu, jasangarri eta erabilgarri gisa ikusaraztea ere”.

Datuak

Turismo Bulegoan artatutako pertsonen % 88,44 Bizkaitik kanpokoak izan ziren. Jatorriari dagokionez, kopururik handiena estatukoa izan zen (% 43,47), jaitsiera txikia izanik (% 3,74), eta Euskal Autonomia Erkidegokoak, berriz, % 28 egin zuen gora (guztizkoaren %7). Atzerriko turismoa da ekitaldi honetako protagonista nagusia, eta % 42,53ko hazkundea izan du, hau da, % 47ko igoera nabarmena. Udan bisitatu gintuzten pertsonen jatorri nagusia kontuan hartuta, estatukoak Madril, Katalunia, Andaluzia eta Valentziako Erkidegokoak izan dira; eta Europar Erkidegokoak eta atzerrikoak Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, AEB eta Italiakoak.

Ostatu-establezimenduetako okupazioari dagokionez ere, susperraldia ikusten da. Hoteletan % 88,89koa izan zen, eta batez besteko egonaldia 2,17 egunekoan; pentsioetan, % 81,75era iritsi da, eta 2,13 eguneko batez besteko egonaldia; eta apartamentu turistikoetan % 87,67, eta 2,96 eguneko batez bestekoa.

Uztaila eta abuztua dira oraindik hilabete turistiko nagusiak. Batez besteko okupazio globala %90ekoa izan zen eta batez besteko egonaldia 2,6 egunekoa (bi hilabeteetako ia egun guztietan jarri zen “beteta” kartela). Jatorriari dagokionez, Madrilgo eta Kataluniako turistak izan ziren nagusi hoteletan, eta Euskadiko tokiko turismoa, berriz, pentsioetan; ondoren, Madril eta Kataluniakoak. Nazioartean, Frantziako turismoa da talde nabarmenena, eta ondoren Alemania eta Erresuma Batukoak.

Baliabide turistikoak

Bizkaia Zubiak 40.212 turista eta bisitari jaso zituen (+% 11,57); horietatik estatukoak % 44 izan ziren, eta atzerriko turismoa %42ra iritsi zen (guztira 14.249, hau da, +% 23). Kirol Portura 220 itsasontzi iritsi ziren (+% 41), horietan 552 tripulatzaile eta 2,25 eguneko batez besteko egonaldia izan zuten. %81 Europatik etorri ziren (Frantziatik % 54) eta %15 estatuko hainbat lekutatik.