Astearte honetan goizean, azaroaren 28an, Teresa Laespada ahaldun nagusiordea eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko saileko foru diputatuak ezagutzera eman du Bizkaiko Foru Aldundiak 300.000 euroko dirulaguntza bideratuko duela Gazako larrialdi humanitarioko laguntzetarako, bertako pertsonen bizitza, duintasuna eta giza eskubideak defendatzeko.
Laguntza UNICEFen, Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Nazioarteko Funtsaren eta Nazio Batuen Ekialde Hurbileko Errefuxiatuentzako Agentzia den UNRWA erakundearen bidez bideratuko da.
UNICEFen kasuan, 150.000 euroko partida da, Gazako haurren premia humanitarioei erantzuteko. Diru hori funtsezko osasun-hornidurak eta WASH (ura, saneamendua eta higienea) eskuratzeko eta banatzeko erabiliko da. Zehazki, honako hauetarako:
- Larrialdietako osasuneko 15 kit
- Pediatriako eta haurdunentzako 20 kit
- 10.000 ur-litroko 27 depositu/tanke
- Ura garbitzeko 500 tableta
- Familientzako 800 kit (ura, saneamendua eta higienea)
- Haurtxoentzako higieneko 300 kit.
UNRWAren kasuan, beste 150.000 euro dira, kopuru hori Gazarako ere, aterpe gisa erabiltzen diren UNRWAren 150 instalaziotan dauden desplazatuen biziraupenerako funtsezkoak diren oinarrizko elikagaiak banatzeko.
Urriaren 7an gatazka armatua hasi zenetik, 11.000 hildako baino gehiago zenbatu dira; horietatik 4.500 haurrak dira eta 3.000 baino gehiago emakumeak. Gainera, 1,6 milioi barne-desplazamendu zenbatu dira.
Laespadak baieztatu du ekintza politiko eta instituzionalak uztartu egin behar dituela sentsibilizazioa eta inbertsioak, politika eta erabaki ukigarriagoetan egindako inbertsioak. Gai hori argi eta garbi ikusten da egoera horren aurrean. Hori dela eta, "Bizkaiko elkartasuna berriro aktibatu da Gazako pertsonen bizitza, duintasuna eta Giza Eskubideak defendatzeko larrialdi humanitarioa artatzeko partida ekonomiko gisa".
Ordezkari instituzional legez eta Bizkaiko ahaldun nagusiorde legez duen erantzukizunean, Gazan nazioarteko zuzenbidea behin eta berriz urratzen ari dela salatzeko eta su-eten humanitarioa baldintzarik gabe eskatzeko egin duen lana gogorarazi du, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiaren hitzak gogora ekarriz.
Hori argi eta garbi esan eta gero, Laespadak "gerraren basakeria eta zentzugabekeriari amaiera emango dion lehen urratsa izateko itxaropena" duela adierazi du, eta hori horrela izan dadin laguntzen jarraitzeko konpromiso irmoa agertu du. Amaitzeko, "pertsonen duintasuna negoziaezina" dela gogorarazi du, eta, beraz, "gerrak ezin duela jarraitu".
Gazatik kanpoko beste laguntza batzuk
Gazarako larrialdi humanitarioko laguntza ez da Bizkaiko Foru Aldundiak eman duen laguntza bakarra. Aurten, guztira 880.000 euroko dirulaguntzak eman dira Kolonbia, Libano, El Salvador, Kenya, Tinduf (Aljeria), Mali, Txad, Afrika Erdiko Errepublika, Nigeria, Niger eta Senegalenentzat.
Horri guztiari 100.000 euroko zuzeneko hiru dirulaguntza gehitu behar zaizkio, ACNURi (Turkiako eta Siriako lurrikararen osteko esku-hartzea), aipatutako UNRWAri (hori ere lurrikara berberaren ondoriozko egoeragatik) eta Itsas Salbamendu Humanitarioari (laguntza humanitarioa emateko eta itsas ibilbideetan larrialdi-egoeran dauden txalupak erreskatatzeko).