Ostiral honetatik hasita eta datorren igandera bitartean, perretxikoak izango dira protagonista nagusiak Galdakaoko tabernetan, bertan ospatuko baita elikagai hau oinarri duen Pintxo Lanperna lehiaketaren edizio berri bat.
Pintxo txapelketa honetan parte hartzen duen establezimendu bakoitzak perretxikoekin osatutako pintxo bat prestatuko du, eta pintxoa + ardo ondua edota ur botilatxoa 3 euroan eskainiko du.
Honako ordutegi hauetan eskainiko dituzte lehiaketarako prestatutako pintxo berezi horiek:
- Azaroak 24, ostirala: 19:00etatik 23:00etara
- Azaroak 25, larunbata: 12:30etik 15:30era eta 19:00etatik 23:00etara
- Azaroak 26, igandea: 12:30etik 15:30era
Lehiaketako pintxoak herritarrek eta epaimahai profesional batek baloratuko dituzte. Herritarren sariaren irabazlea boto gehien biltzen dituen pintxoa izango da, eta saria herriko saltokietan gastatu ahal izateko 100 euroko opari-txartela izango da. Sari profesionalaren pintxo irabazlea epaimahai profesionalak aukeratuko du honako irizpide hauek jarraituta: perretxikoei emandako protagonismoa, aurkezpena, zerbitzua eta zaporea.
Gainera, pintxo irabazlea aukeratzen laguntzen dutenek eta kartoi meheak zigilurekin eta establezimenduaren izenarekin azaroaren 28eko 13:00ak baino lehen entregatzen dituztenek 50 euroko opari txartela baten zozketan parte hartuko dute. Zozketa azaroaren 28an egingo da 14:00etan, Dendari Elkarteko egoitzan.
Hauek dira parte hartuko duten establezimenduak:
- On Kafe (iaz epaimahai profesionalaren saria irabazi zuen). Bizkai kalea,1
- Sorgiñe (iaz herri epaimahaiaren saria irabazi zuen). Gaztain kalea, 6
- Aterpe taberna. Gipuzkoa kalea, 5
- Goxoa Bakery, Bernat Etxepare kalea
- Ostatu taberna. Gipuzkoa kalea, 9
- Atseden. Juan Bautista Uriarte, 7
- Batzokia. Sollube kalea, 6
- Ganguren taberna, Gipuzkoa kalea, 11
- V-Bat, Lehendakari Agirre, 4
Galdakaoko Udalak tokiko kontsumoa eta kultura gastronomikoa sustatzeko ekimen honetan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak.