Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Eguna dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak 'Gida Bira' ekimenaren edizio berri bat jarri du martxan. Ekimen honen bidez Bizkaiko Foru Jauregian eta foru museo eta aretoetan euskarak munduari bertsolaritzaren bidez begiratzeko aukera emango du.

‘Gida Bira’ Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimenaren edizio berria aurkeztu dute Isaac Amezaga Euskara Zuzendari Nagusiak eta Iurdana Acasusok Euskararen Etxeko Zuzendariak Bizkaiko foru museo eta aretoko zuzendariekin batera.

Isaac Amezagak azaldu duenez "bertsolariak gidari lanetan arituko dira museo eta aretoetako bisitetan, gure ondareari haien ekarpen oparoa eransteko eta bisitariei gure ondarearen bestelako ikuspegi bat erakusteko asmoz". Amezagak gaineratu duenez, euskara, gure ondarea eta gure kulturaren adierazpide garrantzitsuenetariko bat batuko ditugu, bisitariei jarduera kultural berezia eskaintzeko, betiere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko xedearekin".

Ekimena abenduaren 1ean, 2an, 3an eta 4an ospatuko da Aldundiko hamaika espazio ezberdinetan eta 13 bertsolariek hartuko dute parte. Ibon Ajuriagojeaskoa bertsolariak Bilboko Rekalde Aretoan kokatutako Eduardo Sourrouille artistari buruzko erakusketan parte hartuko du. Asier Galarza Bilboko Arkeologi Museoan izango da. Iker Uriartek eta Janire Arrizabalagak Gernikako Euskal Herria Museo bisitatuko dute. Oihana Bartra eta Miren Amuriza Bilboko Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentroko erakusketa berrituan murgilduko dira. Koldo Gezuragak Bilboko Ondare Aretoan dagoen Zinemarako Arkitekturak Bilbon erakusketari buruzko bertsoak botako ditu. Eneko Abasolo Abarkas bertsolaria Bermeoko Arrantzaleen Museoan izango da. Ander Elortegik Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa bisitatuko du. Iruri Altzerrekak Muskizko El Pobaleko Burdinola Museoan egingo duten Basotik burdinolara ekimenean parte hartuko du. Aitor Etxebarriazarraga Kortezubiko Santimamiñen izango da. Aissa Intxaustik Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunea bisitatuko du, eta, azkenik, Garazi Navarro Bizkaiko Foru Jauregian barrena ibiliko da bertsotan.

Egitaraua

Abenduaren 1ean hasiko da Gida Bira ekimena, Bilboko Rekalde Aretoan 19:00etan, Ibon Ajuriagojeaskoa bertsolariaren eskutik.

Abenduaren 2an berriz, 12:00etan Euskararen Etxean Oihana Bartra eta Miren Amuriza arituko dira bertso bisita egiten. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan 12:30ean Iker Uriarte eta Janire Arrizabalaga arituko dira Gida Biran. Egun horretan Bilboko Arkeologi Museoan 18:00etan Asier Galarza izango da bertsotan. Eta Bilboko Ondare Aretoan 19:00etan Koldo Gezuraga arituko da bisitan parte hartzen.

Abenduaren 3an Balmasedako La Encartada fabrika-museoan Ander Elortegi arituko da bertsotan 12:00etan. Egun horretan bertan Muskizeko Pobaleko Burdinolan ere izango da Gida Bira 11:30ean Iruri Altzerrekaren eskutik eta baita abenduaren 3an ere Bermeoko Arrantzaleen Museoan Eneko Abasolo Abarkas izango da bertsotan 12:00ean. Aitor Etxebarriazarraga Kortezubiko Santimamiñen izango da 12:30ean. Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen den honetan Txakolin Museoa-Txakolingunean Aissa Itxausti bertsolaria izango da 13:00etan.

Azkenik, abenduaren 4an Bizkaiko Foru Jauregiak Garazi Navarro bertsolariaren eskutik eskainiko du Gida Bira bisita 12:45ean.

Bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman beharko da ezinbestez. Horretarako, jarri harremanetan museo eta aretoekin: