Herrizaintza proiektua zabaldu nahi du Elorriok
Maiatzean abiarazitako Herrizaintza proiekturako boluntarioen bila dabil Elorrioko Udala. Proiektu honek udalerrian nahigabeko bakardadean bizi diren herritarrei laguntza eskaintzeko sortu zen, eta orain jende gehiagorengana iritsi nahi dute. Horretarako, Udalak komunitatearen sareari balioa ematen dion bideo bat egin du.
Askotariko eragile sozialekin elkarlanean, Elorrioko Udalak Herrizaintza proiektuaren bidez sare komunitario bat osatzen jarraitzeko konpromiso irmoa dauka, behartutako bakardadearen ondorioak leuntzen eta arrisku egoerak saihesten laguntzeko. Urte eta erdiko ibilbidean hainbat erabiltzaileri zerbitzua eman die Herrizaintzak, eta, orain, dagoen eskariari erantzuteko asmoz, bidelagun edo boluntario berriak erakarri nahi dira.
Boluntario horiek, astean dei anonimo bat eginda, bakarrik sentitzen den pertsonei laguntza emozional handia ematen diete. Aterki batek bezala, babesa eskaintzen diete, egunerokoari aurre egiteko indarra.
Partaide izateko prestutasuna dutenek bi bide dute aukeran: 688 65 54 61 telefonora deitzea edo herrizaintza@elorrio.eus helbidera idaztea. Komunitateko kideekin elkarlanean bideo labur bat ondu du Elorrioko Udalak, Herrizaintzaren berri emateko eta boluntario gehiagoren interesa pizteko. Ildo beretik, Herrizaintzaren sustatzaileek mahai informatibo bat jarriko dute herriko plazan azaroaren 17an, ostirala. 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bisitatu ahalko da, eta bertan modu zuzenean jaso ahalko dute herritarrek gura gabeko bakardadeari aurre egiteko proiektu honi buruzko xehetasunak.