Arrigorriagako Udalak joan den ostegunean, urriaren 26an, ospatutako osoko bilkuran onartu egin zuen EJZ, OHZ eta ibilgailuen gaineko zergak igotzea hurrengo ekitaldian, hiru urtez izoztuta egon eta gero.

Bilkurako puntu nagusia udal zerga eta tasa batzuen igoera onartzea izan zen. Hiru urtez izoztuta egon ondoren, igoeraren helburua da, langileen, gastu orokorren eta zerbitzuen kostuak garestitzen dituen egungo inflazio-aldia dela eta, Udalak ematen dituen zerbitzuak kalitatezkoak direla bermatzen jarraitzea.

Neurriak ez du zerga eta tasen igoera linealik proposatzen, hau da, bakarrik horietako batzuetan proposatzen dira igoera zehatzak, eta zergadunen arabera, eragin desberdinekin. Udal gobernuko ordezkarien arabera, proposamenak zerga bidezkoagoak aurkeztu nahi ditu, eta gehien duenak gehiago lagun dezala. Beste urrats bat udalerrirako zerga-politika berri baterantz.

Honako hauek dira proposatzen diren igoerak: EJZri dagokionez, % 2,6ko igoera ordaindu beharko dute 2.000.000 €-tik gorako negozio-bolumena duten enpresek. Ibilgailuei dagokienez, % 2.58ko batez besteko igoera ez-lineala, hau da, % 0,42tik % 2,69ra bitarteko tartea; eta hobariak mantenduko dira. Hiri-ondasunei dagokienez, % 2,6 etxebizitzaren zerga-tasa orokorrean eta % 1,7 merkataritza eta gainerako ondasunen tasa bereizian. Eta kiroldegiari dagokionez, % 2,6 eta % 3 arteko igoera abonu motaren arabera, eta talde zaurgarrientzako hobariak mantenduko dira.

Gainerako tasak eta zergak lehengo berean mantenduko dituzte, hala nola zaborrak, hilerria, obra-lizentziak, gainbalioa, etab.

Tasa eta zergez gain, Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak euskararen erabilera instituzional eta administratiboaren garapenari buruz emandako epaiari erantzuteko adierazpen instituzionala onartu du. Euskararen normalizazioaren aurkako erasoaldia gaitzesteko azaroaren 4rako hainbat gizarte eragilek deitu duten mobilizazioaren testuinguruan kokatzen da adierazpena.