Derioko Udalak 84.161 euroko aurrekontua bideratu egin du udal kiroldegiko (DUK) estalkian 144 plaka fotovoltaiko jartzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak 76.000 euroko dirulaguntza eman dio Derioko Udalari proiektu hau aurrera eraman ahal izateko. Ekimen hau energia garbien eta efizientzia zein trantsizio energetikoaren aldeko estrategiaren esparruan dago, eta instalazio horrek eraikinaren energia-kontsumoaren zati handi bat estaliko du, ia %40eko autokontsumoa baitakar.
Udalak beste 30 eguzki plaka ipini zituen ekainean udaletxeko teilatuan. Instalazio hori martxan daramatzan 3 hilabeteetan autokontsumoa ia % 43koa izan da, itxaroten zen % 40a baino pixka bat altuagoa. Horrela, urteko aurrezpen ekonomikoa 4.000 euro ingurukoa izango dela uste da eta karbono dioxidoaren emisioak 7,26 tonatan murriztuko dira.
Bi jarduera hauek, Udalak udal-instalazio eta eraikinetan eguzki plakak edota energia-eraginkortasuna hobetzeko beste sistema batzuk jartzearen aldeko konpromiso sendoari erantzuten diete.
"Energia garbi eta jasangarrien aldeko urratsak ematen jarraitzen dugu, eta plaka hauen instalazioarekin aurrerapauso garrantzitsua ematen ari gara energia berriztagarrien eta ingurumenaren iraunkortasunaren alde. Ingurumena gero eta modu irmoagoan babesten ari garen gaia da, gure ekimen guztietan ingurumen-ikuspegi hori zainduz eta txertatuz. Gobernu taldean argi daukagu hau dela jarraitu beharreko bidea", adierazi du Esther Apraiz alkateak.
Alkateak gogorarazi du apustu sendo honek ondorio positiboak dituela udalaren kutxan ere. “Kiroldegiko 144 plakekin urtean 20.000 euro inguru aurreztuko ditugula kalkulatu dugu, eta zenbateko horri, udaletxean ipinitako beste 30 plakekin aurreztuko ditugun beste 4.000 euroko gehitu behar zaizkio. Zenbateko garrantzitsua da, urtero beste beharrizan batzuei erantzuteko edo udal-zerbitzuak hobetzeko erabiliko duguna”, azpimarratu du alkateak.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">