Joan den ostiralean jarri zuen martxan Galdakaoko Torrezabal kultur etxeak ikasturte berrirako prestatu duen egitarau berrria. Ohi bezala, programazioa zabala da, denetariko gustuak asetzeko prestatutakoa.

Barrez lehertuko dira ikusleak urrian Las niñas de Cádiz taldearen Las bingueras de Eurípides lanarekin. Baita Bizarrak 2.0.-rekin, edo, bestela esanda, Getari Etxegaraik, Nerea Mazok, Sara Cozarrek eta Ane Goitiak, mundua hankaz gora nola jartzen duten ikusita. Edo, abendu hasieran Vaivén teatroaren Familia Sarekadako egoera zentzugabeekin, eta urte amaieran Mag Lari handiak Mag Lari Live ikuskizunean ekarriko dituen magia eta umorearekin. Umore handia datozen hileotan izango dena.

Gogoetarako lekua ere izango da Torrezabalen: María Goiricelaya eta Histrión teatroak emakumezko biktimen estigmatizazioa begien parera ekarri eta hausnartzera eramango gaitu Nevenka, obraren bidez. Duela urte asko gertatutako kasu bat oinarri duen arren, oraindik ere egunerokotasun handia duen gaia da. Anodino teatroaren Obsoletus lanak, langileen borrokak zentzua izaten jarraitzen duen edo zaharkituta geratu den galdetuko digu, eta Yerbabuena producciones-en Lucio, una reflexión escénica lanak Lucio Urtubia anarkista nafarraren irudiari omenaldia egingo dio zuzeneko jazzaren eta irudi grafikoaren laguntzarekin, harengandik oso hurbil daudenen eskutik. 

Dantzarako bi proposamen ezberdin, biak oso bisualak: Cielo Rasok dakarren Hamaîka eta LaMov konapinaren El lago.

Musikari dagokionean, Control freak izango dira Kulu Orr israeldarraren eskutik; loops stations eta teknologia, publiko gaztearentzat aproposa. Da Capo Galdakaoko Musika Bandaren kontzertuak ez dira faltako: De la A a la Z(arzuela), Mirando hacia afuera eta Da Capo en femenino.

Haurrentzako antzerkian, Anbotoko Marirekin hasiko da, Logela multimediak historia mitologikoak kontatzeko duen modu originalarekin, antzerkia eta ikus-entzunezkoak uztartuz. Ondoren, Kantu kolore konpainia galdakoztarrak gure kontzientzia ekologikoa piztuko du, baita abesteko eta dantzatzeko gogoa ere, Esna Zaitez ikuskizunarekin.

Eta, haur galdakoztarrek Torrezabaleko erakusketa aretoan eskolarako bideak nolakoak diren erakutsi ziguten bezala, Campi qui puguik Eskolara bidean saioan erakutsiko digu zer egin behar duen munduko hainbat lekutako haurrek eskolara iristeko.

Anita Maravillas eta bere txotxongiloek Andereinoa lanean Errepublikako maistra haien irudia eta lana berreskuratuko dute, aske izateko lehen baldintza gu geu horretan saiatzea dela erakutsi ziguten haien irudia. Urrian estreinatuko da.

Hori guztia prestatuta dago datozen hilabeteetarako. Eta hori baino gehiago ere egin nahi dute Torrezabalen: programatu, hunkitu, ingurunearekin erlazionatu, paretak hautsi eta esperientzia eszenikoa handitu nahi dute. 

Nola? Ikuskizunen aurretik eta ondoren jarduerak eta sorpresak planteatuz, batzuetan konpainiekin solasean ari garen bitartean eszena bat nola desmuntatzen den ikusiz; tailerrak antolatuz eta emanaldiaren ondoren ikusleen iritziak ezagutuz. Liburuxka batean ekarpenak egin ahalko dituzte, guk ondoren konpainiei erakutsi eta sarean partekatzeko. Ez dutela hitz egiteko gogo handirik emanaldiaren ondoren? Bada, pantaila bat izango dute iritziak uzteko. Gehiago hitz egin nahi dutela? Ba beste pixka bat geratuko gara hallean. Teknikariek dena desmuntatu behar dutela? Egin dezatela. Antzerkia zer den eta nola egiten den ikusteko une lasaia izango da guretzat.

Aurreko denboraldian adin guztietarako mugimendu tailerra egin genuen, Torrezabal klubarekin aurkezpenak, baita tailer filosofiko bat ere. Eta denboraldi honetan solasaldiak antolatu ditugu, mundua aldatu zuten 10 emakumeren mugimendu-tailerra... eta askoz gehiago.