Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak pertsona kalteberentzako arreta hobetuko du, Gizarteratzeko zerbitzu eta programetan esku hartzeaz arduratzen diren langileentzako prestakuntza-prozesu baten bidez. Horretarako "Oinarri kontzeptual, etiko eta metodologikoak Bizkaiko Gizarteratzean esku hartzen duten langileentzat" ikastaroaren hirugarren edizioa jarri dute abian, 100 orduko prestakuntzarekin. Guztira 260 profesionalek jasoko dute prestakuntza-prozesu hori 2023/24 ikasturtea amaitzen denean.

Ikastaroa esku-hartze espezializatuko profesionalentzako etengabeko prestakuntzaren aldeko apustua da eta xedea erakunde publikoen laguntza gehien behar duten pertsonei laguntzeko profesionalen gaitasunak hobetzea da.

Bere esku-hartzean Laespada diputatuak adierazi du Gizarte Inklusioan esku hartzen duten langileen prestakuntzaren eta profesionalizazioaren aldeko apustua egiten dela, funtsezkoak direlako "kalitatezko eta konfiantzazko gizarte-zerbitzuen eredu publiko honetan". "Ikastaro honekin etengabeko ikaskuntzarako tresnak jartzen ditugu zuen eskura, zuen garapen pertsonal eta profesionalerako", gaineratu du.

"Foru Aldundiko Gobernuan zortzi urteko esperientzia burutu ondoren berrikuntzak egiten jarraitzen dugu, begirada partekatzen, esku-hartze sozialean lan egiten duzuenon profesionalizazioa bilatzen, pertsonen duintasuna funtsezko printzipio gisa hartuta, pertsona bakoitzarekiko konpromiso saihestezina delako", azpimarratu du.

Aurreko urteetan bezala ikastaroak 100 orduko iraupena izango du; horietatik 70 aurrez aurrekoak izango dira eta 30 ordu lan autonomokoak. Berritasun nagusia sakontzeko saioa egitea da, borondatezko asistentzia izango duena.