Ohiko gozagarriekin baina elkarteek egindako proposamenak kontutan hartuta, Andra Mari jaien egitarauak 80 ekintza jasotzen ditu, abuztuaren 5etik 17ra bitartean. Ohiko pertsonaien parte hartzearekin, betiko ospakizun jardunaldi bereziekin, kresal zaporez zipriztinduta eta gaur eguneko garaietara egokitzen diren ekimenak egitarauean batuta, Andramaixak ospatzeko prest dira ondarroarrak.

Nahiz eta aldez aurretik zer gozatua izango den Ondarroan –aipatzekoak dira abuztuaren 5eko nekazaritza azoka eta estropadak– egitarauari Santa Klara Egunean ekingo diote, abuztuaren 11n. Dantzaldiaz gain, Antiguako Ama egoitzan izango dena, 19:30etan indarkeria matxistarik gabeko jaien aldeko elkarretaratzea izango da Alamedan Andrabanda Feministaren parte hartzearekin. Txintxirrika Egunean, abuztuaren 12an, Zubi Zaharrean umeentzako kukaña, Ondarroako pala txapelketako finalak edota gaueko Kadira, Latin Vibes eta Muareren musika emanaldiak izango dira Itsasaureen. Gazte Bazkaria eta jokoak, elektrotxaranga edota gaueko tanborrada izango dira abuztuan 13ko –Gazte Eguneko– gozagarriak, Egunari behar bezalako amaiera emateko, Ume Okerrak eta Lukiek taldeek kontzertua eskaniko dute Musika Plazan.

Oraindik egun handiak faltako dira Ondarroako Andra Mari jaietan. Eta hauek astelehen eta asteartean helduko dira, abuztuaren 14an eta 15ean. Lehen jardunaldian salbea izango da Antiguan, baita Luhartzen erromeria Kafeko atzean. Ostean, gauerdian, festetako momenturik berezienari ekingo zaio, Musika Plazan, Kortzeleko mamuen jaitsiera eta ikurrinaren igoerarekin. Aurretik Kresalako Bandarekin kalejira izango da, eta ostean mamuen laguntzarekin. Eta bigarren jardunaldian, abuztuak 15 –Andra Mari eguna–, goizean umeen parkea eta herriari aurreskua izango dira eta gero esku pilota partidak, kale animazioa, su artifizialak eta Dantzarteren emanaldiak –Female eta Lauesku dantza ikuskizunak– izango dira.

Hala ere, jai egitarauean oraindik abuztuaren 16ko Kuadrilla Egunaz gozatzeko aukera izango da. Arranondo Elkarteak antolatutako marmitako lehiaketa, umeentzako partea, bertso saioa, kuadrilen bazkaria, herri kirolak, erromeria eta Marina Gris eta J. Martina arituko dira. Eta, azkenik, jaiei amaiera emateko Arrantzale Eguna izango da, egitarau oparoarekin. Iluntzean Kortxeleko Mamuen kalejirak agurtuko dituzte ondarroarrak, datorren urtera arte.

Jaietan

Omendua. Inma Laka izango da aurtengo jaietan omendua, “Ondarroako emakume askok musutruk eta isilean egindako lan guztia ordezkatzen du” Lakak, Udalaren esanetan.

Eraso matxisten kontra. Eraso matxisten arreta zerbi-tzua aurten ere eskainiko da, abuztuaren 13tik 17ra arte, arratsaldeko 20:00etatik goizeko 8:00etara. Telefono bidezko arreta (688 772 772) edo aurrez aurreko arreta eskainiko da Etxelilan.