Astelehenean jarriko da martxan Galdabusa
Zuhatzu eta Elexalde auzoen arteko bidea izango da Galdabus zerbitzua estreinatuko duen ibilbidea. Astelehen honetan jarriko da martxan, eta astebete beranduago berdina egingo du Aperribai eta Muguru lotuko dituen lehenengo lineak.
Toño Gonzalez Garraio zinegotziak eta Amets Iturbe Gizarte Ekintza zinegotziak eman dituzte Galdabusaren nondik norakoak, Zamakoa kalean izango duen geltokian.
Autobusa %100 elektrikoa izango da eta hiru helburu nagusiren bila jarri da martxan:
- Auzoen arteko komunikazio eta kohesioa hobetzea.
- Herritarrak zerbitzuetara hurbiltzea: anbulatoriora, igerilekuetara, euskaltegira, kirol guneetara, ikastetxeetara edo trenera, adibidez. “Eta noski, gure herriko ardatz garrantzitsua diren komertzio eta ostalaritza zerbitzuetara”. Aurkezpenaren kokaleku izan den geltoki berria jarri du adibide, herriko komertzio eta ostalaritza guneetako bat baita inguru hori, eta Torrezabal Kultur Etxea ere bertan baitago, esaterako.
- Autoen erabilera murriztea, oinezkoentzat kale atseginagoak egitea eta ingurumenari egiten zaion kaltea gutxitzea.
Honakoak dira linea bakoitzaren ibilbidea eta udako ordutegia (irailaren 30 arte):
- Zuhatzu-Elexalde: Lanegunetan, Zuhatzutik lehen irteera 07:40ean izango da eta 19:40ean azkena, eta Elexaldetik, 08:00etan lehena eta 20:00etan azkena. Larunbat, igande eta jaiegunetan 09:20an izango da lehen autobusa Zuhatzun eta 20:00etan azkena, eta Elexalden 09:40ean lehena eta 20:20ean azkena. Maiztasuna 40 minuturokoa izango da. Datorren astelehenean, uztailak 24, jarriko da martxan linea hau.
- Aperribai-Muguru: Lanegunetan, lehen autobusa 08:00etan aterako da Aperribaitik eta 20:00etan azkena, eta Mugurutik, 08:20ean lehena eta 20:20ean azkena. Larunbat, igande eta jaiegunetan 09:40ean izango da lehen autobusa Aperribain eta 20:20ean azkena, eta Mugurun 10:00etan lehena eta 20:40ean azkena. Maiztasuna 40 minuturokoa izango da. Abuztuko lehen astean martxan egongo da.
Hasiera batean doakoa izango da zerbitzua, erabat egonkortu artean. Ondoren, Barik txartekin ordaindu ahalko da, edo bidaiko txartela hartuta.
Bestetik, AuzoTaxi proiektua ere garatzen ari dela azaldu dute zinegotziek. Galdabusa iristen ez den gune eta beharrei begira jarriko da martxan taxi zerbitzu berezia. Negua baino lehen espero da martxan.