Folklore Bizian jaialdia jasoko du gaur eta bihar Galdakaok
Astearte eta asteazken honetan, uztailaren 18 eta 19an, Folklore Bizian izeneko jaialdia ospatuko da Galdakaon. Bertan hartuko dute parte Andra Mari Eusko Dantzari Taldeari Doina Timisului (Errumania), KFT Radha Sarisha (Indonesia) eta Viva Chihuahua (Mexiko) taldeak, besteak beste.
Andra Mari dantza taldeak urtero antolatzen duen jaialdiak Galdakaoko Udalaren babesa dauka eta herrialde eta hainbat herritako folklorea erakustea du xede. Gaur iluntzean bertan izango du lehen ikuskizuna, baina aurrez, eguerdian, Udalak harrera egin die jaialdiko parte hartzaileei.
Iñigo Hernando alkatea, Edurne Espilla Kultura zinegotzia, Andra Mari Dantza taldeko Unai Zabala eta Julen Sagarminaga eta Indonesiako taldeko kideak egon dira harreran.
Iñigo Hernando alkateak garrantzitsutzat jo du Folklore Bizian jaialdia “herrian errotuta” dagoelako; halaber, gaineratu du Galdakao erreferente kulturala izateko balio duela, “Galdakao mapan jartzeko”. Edurne Espilla zinegotziak, bere aldetik, esan duenez, “plazera da Galdakaoko Udalerako” tankera honetako jaialdiak hartzea; izan ere, “garrantzitsua da beste kulturak ezagutzea, pertsona aberatsagoak egiten gaitu”. Ildo beretik, urte askoan euskal kulturaren aldeko lanean jarraitzeko deia egin dio Andra Mari dantza taldeari. Biek ala biek eskerrak eman dizkiote Galdakaoko dantza taldeari.
Unai Zabala ere eskertuta agertu da Galdakaoko Udalarekin “euskal kultura sustatzeagatik eta taldea laguntzeagatik”. Azkenik Afi, Andi eta Uni indonesiarrak erabat eskertuta agertu dira gonbitagatik eta gogotsu agertu dira euskal kultura eta herriak ezagutzeko “oso ezberdinak direlako hemengo herriak eta eraikinak”.
Honako egitaraua prestatu du, gaurko eta biharko, Andra Mari dantza taldeak:
- Gaur, asteartea, uztailak 18. 20:30ean hasita Andra Mari dantza taldea, Doina Timisului (Errumania), KFT Radha Sarisha (Indonesia) igoko dira Kurtzeko Plazako oholtzara (euria egitekotan Kurtzeko frontoian egingo litzateke emanaldia).
- Bihar, asteazkena, uztailak 19. 20:30etik aurrera, KFT Radha Sarisha (Indonesia) eta Viva Chihuahua (Mexiko) arituko dira, Kurtzeko plazan (euria bada, frontoian).
Aurten ere, Kurtzeko Plazan, mahaiak jarriko dira jendeak jan-edanean lasai egoteko aukera izan dezan; txosna zein food truckak izango dira.
Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiarekin egindako elkartrukeari eta lankidetzari esker, Mexikoko eta Errumaniako taldeek euren lanak erakutsiko dituzte Galdakaon. Indonesiako taldeak Galdakaon hartuko dute ostatu, eta goizetan zenbait ekintza egingo dituzte; besteak beste, Plazakoetxen dagoen adinekoen eguneko zentrora eta haurren udalekuetara bisita egingo dute.
Horrez gain, Folklore Bizianeko koloreak eta mundu zabaleko dantzak Usansolora ere helduko dira. Unkina kiroldegian arituko dira ostegunean, 20:00etatik aurrera.