Barakaldoko alkate Amaia del Campok eta Herritarren Segurtasun arloko zinegotzi David Sollak ezagutzera eman dute ostegun honetan uztailaren 15etik 22ra bitartean ospatuko diren Karmenetarako prestatutako udaltzain eta ertzainez osatutako segurtasun-operatiboa.
Historikoa da Ertzaintzaren eta Tokiko Poliziaren arteko koordinazioa. Kidego biak dihardute hirian barakaldarren segurtasuna bermatzeko, eta jaien astean, indartu egiten da haien presentzia kale barakaldarretan. Horrela, bada, goizez eta arratsaldez egingo diren ekitaldietan indartu egingo dira Udaltzaingoaren zerbitzuak alderik jendetsuenetan. Horrez gainera, atzoko batzarrean adostu zenez, jaietako gauetan eta asteburuetan arreta handiazgoz jardungo dute, ugaritu egiten baita kalean dabilen jende kopurua. Horrela, Udaltzaingoaren 8 patruila eta Ertzaintzaren 4 patruilez gainera, Ertzaintzaren Brigada Mugikorra ere prest egongo da, behar izanez gero jarduteko. Arreta berezia jarriko zaie lokalei ere, ixteko orduetan, goizeko 6ak eta 8ak bitartean.
Jaietan, kontu egin lapurretei
Urtero legez, kale jantzitako udaltzainak izango dira jai-esparruetan, ebasketarik gerta ez dadin. Alde horretatik, jende-pilaketak aprobetxatuz gertatzen diren lapurretei aurrea hartzen ahaleginduko da Udaltzaingoa, eta horren karietara aholku batzuk eman dizkie herritarrei:
Hara, zeintzuk:
- Ez eraman aldean behar duzuna baino diru gehiago.
- Soinarren aurrekaldean gurutzatu poltsa. Eta ondo itxi, beti.
- Ez eraman poltsiko berean giltzak, dokumentazioa eta dirua. Sartu poltsiko desberdinetan edo polsako poltsikoetan, sakabanaturik.
- Kendu bistatik diru-zorroa eta mugikorra. Ez eraman sekula praketako atzeko poltsikoan.
- Ez zaitez leku baztertetara edo hutsik dauden parkeetara joan.
- Kontu egin bultzadei edo hurbilketa susmagarriei. Erne egon ezagutzen ez duzun jendearekin.
- Ez izan heroi: jendearen segurtasuna da garrantzitsuena. Deitu Udaltzaingora lehenbailehen.
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Babes Zibilaren laguntza izango dute, bederatzi jaiegunetan hogeitik gora boluntariorekin. Babes Zibileko boluntarioak ekitaldirik jendetsuenetan egongo dira (jaitsiera, kontzertuak, suzko zezenak, e.a.), bai eta egunean zehar egingo direnetan ere (haur jarduerak, dantzaldiak, e.a.). "Haien zeregina oso garrantzitsua izaten da egun horietan, erreferente bihurtu baitira barakaldarrentzat, arreta behar izaten dutenean", gogoratu du Sollak.
Eraso matxisten aurkako borroka
Azken urteotan, udala eraso matxistei ere aurrea hartzen aritu da. Horrela, bada, jaietan egingo diren eta hurrengo egunotan ezagutzera emango diren ekintza zehatzez gainera, gogoan izan behar da Beldurrik ez doako aplikazioa, IOSerako bezala Androiderako ere deskargatu daitekeena. Appa deskargatuta, izuaren botoia sakatuz erabiltzen da, eta zuzenean erantzuten du Udaltzaingoak, behar izanez gero.
Udaltzaingoarekin konektatzeko modua oso erraza da. Botoia sakatzean, begi- eta soinu-alerta bat aktibatzen da udaltzain-talde bakoitzean. Alerta horretan, aplikazioa erabili duenaren izena, telefonoa eta GPS bidezko kokapena agertzen dira, udaltzainak laguntzera joan ahal izan daitezen. Abisua zuzenean erregistratzen da SECI-Poliziaren esku-hartzeak kudeatzeko informazio-sisteman.