Derioko Udalak 19.825 euroko inbertsioa (BEZik gabe) egin du udaletxeko teilatuan plaza fotovoltaikoak jartzeko. Guztira 30 eguzki plaka instalatu egin dira, eraikinaren energia-kontsumoaren zati handi bat estaltzeko helburuarekin. Guztira % 42,4ko autokontsumoa ekarriko du energia garbien eta efizientzia zein trantsizio energetikoaren aldeko estrategiaren esparruan martxan jarritako ekimen honek.
Udaletxean eguzki-plaka fotovoltaikoak instalatzeko egindako kalkuluen arabera, urtean 20.340 kWh energia elektriko sortuko da, eta 7,26 tona karbono dioxido gutxiago isuriko da. Era berean, urtean 3.984, 68 euroko aurrezpena lortuko da.
“Plaka hauen instalazioarekin aurrerapauso garrantzitsua ematen ari gara energia berriztagarrien eta ingurumenaren iraunkortasunaren alde. Baina, horrez gain, aurrezpen handia ekarriko dio udal-kutxari, beste beharrizan edo udal-zerbitzu batzuetara bideratuz diru-aurreztea hori. Eredu izan nahi dugu derioztarrentzat, eta bide hau jarraitzera animatzen ditugu”, azpimarratu du Esther Apraiz alkateak.
Alkateak gogorarazi duenez, bigarren fase batean Udal Kiroldegian eguzki-plaka fotovoltaiko gehiago jarriko dira, eta, ondoren, sistema hori pixkanaka udaleko beste zerbitzu eta bulego batzuetan jartzea aurreikusten da, ekipamendu horietan energia elektrikoaren autokontsumoa sustatzeko helburuarekin.
Horrez gain, LBGTIQ+ harrotasunaren eguna, esparru honetan egindako aurrerapenak modu alaiean ospatu eta sexu eta genero askatasuna aldarrikatu nahi izan du Derioko Udalak komunikatu batean. Horregaitik Ibai Sanchez DJa gonbidatu dute herrira. Ekainak 30, ostiralean, 19:30 eta 22:30 artean egongo da Sollube kalean.