Iaz abiatutako Merkataritza Indarberritzeko Plan Bereziaren (MIPB) prestaketa bukatu berri dute Markina-Xemeinen. Plana udalerriko hiri-ekonomiaren egungo errealitatea aztertzeko baliagarria izan da, baita berau bultzatzeko helburuak eta bide-orria zehaztea ere. “Merkataritza, ostalaritza eta pertsonei zuzendutako zerbitzuen sektore indartsu bat izateak, herri-dinamikak garatzea eta herritarren bizi kalitatea bermatzea errazten ditu”, Udaletik azaldu dutenaren arabera.

Sektoreak hainbat aldaketa jasan ditu azken hamarkadetan, “batetik, pandemiaren eraginez, baina are gehiago, sakoneko transformazioak direla eta, zeinak kontsumo ohituren eta komertzializazio ereduen eraldaketetan oinarritzen diren”. Azkenaldian, gainera, Internet bidezko erosketek gora egin dute, baita tokiko kontsumoaren garrantziak edota salmenta prozesuei lotutako zerbitzuak… “Hortaz, sektoreak, berrantolatzeko eta lehiakortasun maila areagotzeko beharra azaltzen ditu”, zehaztu dute.

Planaren egituraketan Ikertalde aholkularitza enpresak paper erabakiorra izan du. Bi fasetan eratu dute MIPB delakoa. Alde batetik, sektorearen egungo egoera aztertu da eta bestetik, etorkizunera begirako bidea argitzeko ibilbidea diseinatu da. “Lanketa, prozesu parte-hartzaile bat jarraituz garatu da, herritarren eta sektoreko eragileen iritzia jasoz. Herritarrei, kontsumitzaile diren heinean, inkesta bat egin zaie telefonoz eta kalean. Eskaintzaren ikuspegia jasotzeko, sektoreak ere inkesta bat bete du”. Gainera, bi lan-saio espezifiko burutu dira sektorearekin. “Ezinbestekoa” suertatu da, Markina-Xemeingo Udalaren, Hemen Be Bai merkatari elkartearen eta Leartibai Fundazioaren “elkarlana eta kolaborazioa”.

Markina-Xemeingo merkataritza sektorearen egunerakoa aztertzerakoan, hauexek izan dira azalarazitako kontu aipagarrienak: “herritarren merkataritza gastuaren hiru laurden inguru udalerriko establezimenduetan geratzen da, zerbitzuen eta elikagaien azpisektoreen trakzio efektuari esker”. Bestetik, gastu ihesaren jomuga nagusia Durangaldeko eta Bilbo Handia eskualdeetako hiri-merkataritza eta azalera handiko saltokiak dira. Bestetik, udalerriko negozioek “aldameneko herrietako bezeroaren gastuaren zati bat bereganatzeko gaitasuna dute; sektoreko negozioen laurdenak 10 urte baino gutxiagoko antzinatasuna du; negozio arduradunen herenak 55 urte baino gehiago ditu errelebo beharraren auzia islatuz; negozioen digitalizazio maila nahiko mugatua da lehiakortasunaren aldetik gabeziak irudikatuz”.

Neurriak

Aurreko elementuak gogoan izanik, ekintza planak, sektorearen egungo eskaintza indartzea bilatzen du oraintsu aurkeztutako estrategiak, “jendeari aukera komertzial zabala eskainiz bertan kontsumitu dezan, herriari klima biziagoa eta erakargarriagoa emanez”. Ekintza-lerro nagusi hauek bereizten ditu orain gutxi aurkeztu den Markina-Xemeingo Merkataritza Indarberritzeko Plan Bereziak: “merkataritza agertokiaren hobekuntza; komunikazio eta dinamizazio estrategien garapena; negozioen lehiakortasun mailaren areagotzea; Hemen Be Bai elkartearen indartzea; beste sektoreekiko hibridazio egitasmoen sustapena; eta eragileen arteko koordinazioa eta gobernantza garatzea.