Pertsona gorrek eta itsuek erreztasun gehiago izango dituzte metroa hartzerakoan. Hori izango da Metro Bilbaoren erronka berria, zeinak gorren eta itsuen irisgarritasuna hobetzeko neurriak hartu berri dituen dagoeneko.
Gaur goizean Metro Bilbao, ONCE eta Euskal Gorrak elkarteek beste bi neurri aurkeztu dituzte, gorrei edo entzumen urriko pertsonei, eta itsuei edo ikusmen urriko pertsonei garraio-zerbitzu irisgarriagoa eskaintzeko. Bi ekimenek metro-zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko informazioa eskurago jartzen die. Abando geltokian baliabide berriak aurkezten Aitor Bedialauneta, Euskal Gorrak elkartearen presidentea, Usue Vallejo ONCEren ordezkaria eta Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoren zuzendari nagusia izan dira.
Informazio irisgarriagoa
Gor dauden edo entzumen urria duten pertsonen arreta hobetzeko bideo-interpretazioko plataforma bat (SVIsual) jarri da, urruneko komunikazioa bideratzen baitu. Plataforma hori Komunikazio-barrerak ezabatzeko CNSE fundazioak sortu du, Gorren Estatuko Konfederazioarekin elkarlanean, eta Pertsona Gorren Estatuko Konfederazioarekin lankidetzan, eta Gizarte Eskubideen eta Agenda 2030 Ministerioaren eta ONCE Fundazioaren babesa eta finantzaketa ditu.
Zerbitzu hori Metro Bilbaoren ordutegi berean emango da, eta ikusmen eta entzumen urriko pertsonek gainerako herritarrei ematen zaien informazio guztia jaso ahal izan dezaten. Hartara, app hori deskargatu eta gero, behar duenak bideo-interpretazioko zerbitzuarekin harremanetan jar daiteke, zeinu-hizkuntza ezagutzen duten, alegia, bezero gorren galderak erantzun eta zalantzak argitzeko gai diren pertsonekin. Horretarako, Metro Bilbaoren instalazioetako interfono guztietan dagoen zenbaki-kodea sartu behar da, geltokiaren zarata saihesteko mikrofonoa itzaliz. Identifikazio-zenbaki horri esker, deia erantzuten duenak gorraren kokapen zehatza jakingo du.
“Hemendik aurrera, Euskal Gorrak eta Metro Bilbaoren lankidetzari esker, gorrak zeinumintzairan komunikatu gaitezke bideo-interpretazio zerbitzu honen bidez, eta hori oso garrantzitsua da guretzat”, ospatu du Bedialaunetak.
Braille eskudeletan
Metroa irisgarriago izateko bigarren ekimena itsu dauden edo ikusmen urria duten pertsonentzat da. Braille-seinaleak jarri dira mezzaninaren eskudelen azpialdean, ukitu eta bidaiatzeko zer nasatara joan behar duten jakin dezaten.
Proiektua garatzeko ONCEko boluntario batzuek lagundu digute, Indautxu geltokian proiektu pilotua probatu eta aholkuak emanez. Lankidetza horren ondorioz gauza batzuk hobetu dira jada geltoki guztietan ezarrita dauden seinaleetan. Oso eskertuta gaude laguntzeko beti prest dauden ONCEko boluntarioekin.
“Gaur aurkezten den braille sistema lorpen berri bat da ikusmen urria dutenek garraiobide irisgarri batek ematen duen segurtasun-sentimenduarekin mugi daitezen. Erabateko irisgarritasun sentsoriala lortzeko beste urrats bat, beti Metro Bilbaoren laguntzaz”, azpimarratu du Vallejok.
“Irisgarritasuna sustatzen jarraitzea Metro Bilbaoren instalazioetan erabatekoa izan dadin lortu arte, hauxe da enpresan lan egiten dugunon helburua. Gaur beste aurrerapauso bat eman izan dugu mezzaninetako eskudelen azpialdean braille seinaleak jarriz eta interfonoetan zeinu hizkuntza oinarri duen bideointerpretazio zerbitzu bat integratuz. Gaur hizkuntz gehiagotan komunikatzeko gai izanik, Metro Bilbao irisgarriagoa da eta berdinzaleagoa ere”, esan du Metro Bilbaoren zuzendari nagusi Eneko Arruebarrenak.
Oraintsu ezarri diren bi neurri horiek lehendik dauden beste batzuei gehitu zaizkie, pertsona guztiek baldintza berberetan ibiltzeko aukerak izan ditzaten. Hartara, adibidez, ildo beretik, 2021eko ekainean dibertsitate funtzionaleko pertsonei zuzendutako hobekuntzak jarri ziren martxan, Barik euskarria erosi eta kargatzea errazteko eta gehienez 2 euroko saldoa geratzen dela ohartarazteko. Horretarako software eta hardware berriak gaitu eta metroko 1 eta 2 lineetako geltokietako 73 txarteldegitan eta 430 balioztatze-makinetan instalatu ziren.