Esther Apraiz EAJ-PNVko hautagaiak Derioko alkate izaten jarraituko du datozen lau urteetan. Apraiz buru izan zuen zerrenda jeltzaleak gehiengo osoa lortu zuen maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan. Gaur goizean, bere alderdiaren (7) botoei esker, hautagai jeltzalea berriro ere alkate izendatu dute udalbatza osatzeko osoko bilkuran. Horrela, bada, Apraizek hirugarren agintaldiari ekingo dio, bigarrena jarraian gehiengo osoarekin.

Esther Apraiz buru zuen EAJ-PNVren zerrendak 1.528 boto lortu zituen (botoen % 45,25). Horrela, alderdi jeltzaleak 2019an lortutako 7 zinegotziei eustea lortu du. Bestalde, EH Bilduk 1.010 boto (botoen % 29,91) eta lau zinegotzi lortu zituen, aurreko legealdian baino bat gehiago. PSE-EEk, 583 botorekin (botoen % 17,26), ordura arte zituen hiru zinegotzietatik bat galdu du eta PPk, 156 botorekin (botoen % 4,62), udal ordezkaritzarik gabe jarraitzen du.

Gaurko inbestidura saioak 2023-2027 urteetan Udala gidatuko duen udalbatza berria eratzeko balio izan du. EAJ-PNVko alkate eta zinegotziak hurrengoak izango dira: Esther Apraiz (alkatea), Nekane Aiarza, Aitor Aurrekoetxea, Iker Iturrate, Begoña Bilbao​, Eider Lago eta Ixone Urrutikoetxea. EH Bilduren kasuan Irune Palmou, Eneko Lopez, Lourdes Oiarbide eta Joseba Valdueza izango dira zinegotziak eta PSE-EEren aldetik, Alpiniano Gonzalezek eta Clementino Caballerok osatuko dute udalbatza.

Kargua hartu eta gutxira, Esther Apraizek esan du bere alderdiak ez duela inoiz galdu eta ez duela inoiz bistatik galduko udaletxean zertarako dauden. “Derioztarrei zerbitzatzeko gaude hemen. Entzuten jarraitzeko lan egingo dugu, bizilagunen ondoan egongo gara, herritarrak gure ekintza politikoaren partaide eginez. Prest gaude derioztar guztien ahotsa izateko, prest gaude haien bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko”, adierazi du.

Alkateak gogorarazi duenez, bere alderdia etxeko lanak eginda aurkeztu da hauteskundeetara eta Derio hobetzeko 50 proiektu zehatzekin, hurrengo lau urteetan beteko dituztenak. “Legealdi honetarako gure proiektuak, neurri handi batean, azpiegitura eta espazio publikoak hobetzera eta zabaltzera bideratuta daude. Aldekonen adinekoen eta haurren gozamenerako aisialdi-gune estali berri bat sortuko dugu, Entrecalles, Gernikako Arbola eta tren geltokira sartzeko gunea berrurbanizatuko ditugu irisgarritasuna hobetzeko, Ibaiondo futbol zelaiko instalazioak handituko ditugu futbol 11ko zelai berri batekin eta igogailu bat jarriko dugu harmailetarako irisgarritasuna bermatzeko. Era berean, jolastoki inklusibo estali bat eraikiko dugu Eskolan, eta pergola bat jarriko dugu anbulatorioko sarbidean, erabiltzaileak euritik babesteko, besteak beste”.

Amaitzeko, Derioko alkateak nabarmendu du gainerako alderdi politikoekin hitz egiten jarraituko duela ahalik eta adostasun handienak bilatzeko, udalerriarentzat onak izango diren proiektuak aurrera ateratzeko. “Entzun, hitz egin eta akordioetara iritsi Derioren alde, hori da gure ibilbide orria”, azpimarratu du.