Urtero bezala, tigre eltxoari aurre egiteko neurriak hartuko ditu aurten ere bai Elorrioko Udalak, kanpaina aktibatuz. Oraingoan, Elorrio izango da laginketa guneetako bat, gaixotasun birikoen transmisore garrantzitsuak direlako.
Astelehenaz geroztik, guztira, hamar tranpa jartzen dabiltza udalerrian, eta bihar izango dute azken eguna. San Agustin auzoan bost instalatu dituzte, eta Txanberi eta Morgaondo inguruan, beste bost. Hala, Elorrioko Udalak herritarrei eskatu die tranpa horiek errespetatu ditzatela.
Tranpek edalontzi forma dute, eta azarora erdialdera arte izango da martxan kanpaina. Gainera, hamabost egunean behin berrikusi egingo dira.
Herritarren parte-hartzea
Laginketaz gain, ordea, herritarren parte-hartzea ere ezinbestekoa da tigre eltxoaren hedapena geldiarazteko. Horretarako, ura pilatzen den lekuak saihestea da aholkuetako bat, eta, beraz, herritarrei hainbat eskaera egin dizkie Udalak, hamar kasutatik zortzitan jabetza pribatuetan izaten direlako pilaketa horiek.
- Astean bi aldiz hustu ur pilaketak izaten diren ontziak: loreontziak eta azpiko platerrak, plastikozko igerilekuak, jolasak…
- Bi edo hiru egunean behin berritu animalien asketako ura.
- Estolda-zuloetara ura astean behin gutxienez bota.
- Drainatze eremuetan –kainu-zuloak eta estoldak– eta teilatuen erretenetan ura pilatzea saihestu.
- Ura etengabe gelditzen den zuloak estali.
Horrez gain, tigre eltxoren bat ikusiz gero, Udalak abisua emateko eskaria egin du, edo geolokalizazioa eta argazkia bidaltzekoa aplikazio honetara.
Tigre eltxoa tamaina txikiko eltxoa da, (5 mm ingurukoa), buruan eta toraxean dituen marra zuriengatik ezagutu daitekeena. Espezie hiritarra da batez ere, egunez egon ohi da aktibo, eta gune itzaltsuetan ezkutatzen da.