Aste honetan hasi egin ditu Derioko Udalak Larrabarri ibilbidean, Butroi kaleko bidegurutzearen parean konkretuki, kokatuko den pumptrack pista berria eraikitzeko lana. Obra hau udalerriko jolas eta kirol parkeetako ekipamenduak hobetzeko prozesuaren barruan egingo da.

Jarduketa hau 2022ko Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesutik dator, eta derioztarrek bozkatu zituzten proiektu guztien artean puntuaziorik altuena lortu zuen proiektua izan zen (2.937 puntu guztira). Udalak egingo duen inbertsioa 99.220 eurokoa izango da (BEZa barne) eta irailerako amaituta egotea aurreikusten da.

Esther Apraiz jarduneko alkatea lanen hasiera ikustera hurbildu da. Pista honek, skate edo mendiko bizikleta bezalako modalitateetako kirol-jarduerak praktikatzeko aukera emango du, gazteen artean modan dauden kirol-modalitateak alegia.

“Gure gazteak entzun eta berain eskaerak errealitate bihurtzen ditugu. Pista hau Derioko gazteei zuzendutako programak, zerbitzuak eta instalazioak hobetzeko egiten ari garen apustuaren beste adibide bat da. Hala, aire zabaleko kirol eta aisialdi-eskaintza aberastuko dugu, bizikletan edo patinetan disfrutatu ahal izango duten zirkuitu honekin”, adierazi du Apraizek.

1.300 metro koadro eta 30 oztopo baino gehiago

Pumptracka adin guztietako erabiltzaileek disfrutatzeko diseinatuta dago, zailtasun maila ertainekoa baita. 1.300 metro karratu inguruko eremua hartuko du, eta zirkuituak 105 metroko ibilbide nagusi bat izango du eta 55 metroko bigarren bat, 2 metroko zabalera konstantearekin. Guztira 30 oztopo edo arrapala izango ditu, ibilbide osoan zehar banatuta, hainbat jauzi mota egiteko eta erabiltzaileen trebetasuna probatzeko.

Zirkuitua pedalik eman gabe edo oinari bultza egin gabe bira oso bat eman ahal izateko planteatuta dago. Era berean, 16 erabiltzaile ere har ditzake aldi berean.

Gogoratu behar da Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren 28.051 euroko dirulaguntza jaso duela proiektua gauzatzeko. Obrak egiten ari den enpresa Poolsport Soluciones S.L. da.