Eskuinaldeko eta Txorierriko udalerrietako hondakin-urak Sestaon dagoen Galindoko araztegira bultzatzea ahalbidetzen duen Lamiakoko ponpaketak bere 25. urteurrena ospatu egin du. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Bilbo Metropolitarreko Saneamendu Plan Integralaren funtsezko pieza hori 1998ko ekainean jarri zen martxan, eta itsasadarraren azpitik Galindoko araztegira 5,5 m3/s eramateko gaitasuna du. Bere garaian, 23 metroko barne-diametroa eta 18 metroko sakonera duen putzu zirkular hori egitea (Lamiakoko ibai-azpikoari lotuta dagoena) eraikuntza-erronka handia izan zen.

Horiek horrela, Lamiakoko instalazioa Saneamendu Plan Integralaren baitako instalazio ikusgarri bat da, ponpatze-mekanismo baten bidez hondakin-urak alde batetik bestera, Galindoko araztegiraino, eramateko helburua duena. Bere garaian, Getxo, Leioa, Berango, Sopelana, Urduliz, Barrika eta Erandio udal-mugarteetako urak bilduko zituen kolektore- eta hartzaile-sare bat eraikitzea erabaki zen. Gerora, eskema hori osatuko zen, Txorierriko ontzialdaketarekin. Lotura horri esker, Txorierri haraneko udalerrien hondakin-urak (garai hartan 168.269 biztanlek osatzen zutena) Lamiakoko sisteman sartzea lortu zen.

Estuarioaren bi aldeetako urak lotzeko, itsasadarrak dakarren oztopo fisikoa igaro behar da. Horrenbestez, ontzi-aldaketa hori ponpatze-estazio baten bidez egitea proiektatu zen. Estazioa Lamiakoko ibarrean dago, eta bertatik bi hodi ateratzen dira, itsasadarraren ibilguaren azpitik igarotzen direnak (dragatze- eta ainguratze-tekniken bidez egikaritutakoak) ezkerraldeko Benedicta kolektorearekin lotzen diren arte. Ondoren, ekaitz-tanga batekin osatu zen instalazioa, eurite garaian 10.000 m3 gordetzeko ahalmena duena.

“Abangoardiako saneamendu-azpiegitura eraginkorrak eta jasangarriak izatea eguneroko eskakizuna da, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak duela zenbait hamarkadatik hona bere konpromisoaren baitan hartu duena, eta iraganeko zein etorkizuneko inbertsio programen fokua da”, azpimarratu du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko presidente jaunak, Kepa Odriozola Azulak, efemeridea ospatzeko instalazioan bertan egindako topaketa teknikoan. Parte hartu dute Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari Josu Bilbaok eta Leioako alkate Iban Rodriguezek. Topaketa horretan, gainera, une hartan proiektuaren buru izan zirenak ere izan dira. Prentsa-oharra

Aurrekariak

1979an, Ur Partzuergoak Bilbo Metropolitarreko Saneamendu Plan Integrala jarri zuen martxan; EAEn egin den ingurumen arloko azpiegitura-lanik garrantzitsuena da, eta 1.000 milioi eurotik gorako inbertsioa eragin du. Hondakin-uren tratamenduaren arloan Europar Batasunaren eskakizunak betetzeaz gain, plan horri esker posible izan da inguruko ibaiak, itsasadarrak eta hondartzak ingurumenaren aldetik berreskuratzea.

Horiek horrela, Saneamenduko Plan Integralaren helburu nagusia honako hau zen: industriajarduerek eta etxeko isurketa likidoek eragindako kutsaduraren ondorioz itsasadarreko eta Bizkaiko beste ibai batzuetako uraren kalitateak okerrera egitea saihestea; izan ere, narriadura hori begi bistakoa zen, batez ere ibilguen beheko eremuetan.

Itsasadarreko urak % 60ko oxigeno-kontzentrazioa izateko helburua ezarri zen, ibai-sistema osoan bizitza urtarra egon zedin. Guztira 190 kilometro hodi biltzailek eta kolektorek Bilboko Metropoli Eremuko etxe zein industria guneetako hondakin-urak biltzen eta Galindoko (Sestao) HUAra eramaten dituzte. Saneamenduko obra handi eta bikaina da Galindoko HUA. Lamiakoko ponpaketaren helburua zen Gobela arroan, Lamiakoko ibarrean eta Txorierriko haranean sortzen ziren emariak Galindoraino eramatea.

Plan Integralaren eragina

Itsasadarraren Saneamenduko Plan Integralaren eraginik garrantzitsuena oxigeno-maila normalak berreskuratzea izan da. 90eko hamarkadaren hasieran % 40 inguruko edo gutxiagoko asetasun-maila zegoen, eta gaur egun % 90ekoa da. Orain, estuarioan ez dago oxigeno-arazoak dituen eremurik. Horri guztiari esker, komunitate biologikoak agertu dira sistema osoan. Bilboko erdigunetik Abrara 60 arrain-espezie baino gehiago finkatu dira (mihi-arraina, zarboa, muxarra, platuxa, korrokoia, lupia, barbarina, txitxarroa, aingira…), bai eta algak eta sedimentu eta substratu arrokatsuetan bizi diren beste organismo batzuk ere.

Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integrala bizkaitarren ahaleginari esker finantzatu zen, hori dela eta, oso garrantzitsua da ur-masak kontserbatzea eta saneamendusistemak behar bezala erabiltzea, funtsezkoak baitira planetaren jasangarritasuna bermatzeko. Horren erakusgarri da Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 2023. urterako aurrekontuan egin duen 37,7 milioi euroko zuzkidura, saneamendu-sisteman jarduketak egitera zuzendutakoa; izan ere, jakin badakigu uraren sektorean inbertsio oso handiak egin behar direla arlo horretan hobetzen jarraitzeko eta gero eta zorrotzagoa den araudira egokitzeko.