Bilketa puntu adimendunak jarriko ditu martxan Ermuak tokiko establezimenduetan
Herriko establezimenduetan erostean bezeroen zein merkatarien esperientzia hobetuko duen ekimena jarriko du martxan Ermuko Udalak datorren astean Merkatu Plazaren kanpoaldean, San Pelaio kaleko bi sarbide-arrapalen artean. Konkretuki, bilketa puntu adimendunak instalatuko dira, Garapen Ekonomikorako sailak martxan jarritako neurriari jarraituz.
Armairu adimendunek erosketak edozein unetan jasotzeko aukera ematen dute, eguneko 24 orduetan egongo baitira eskuragarri, erosketa-esperientzia eta merkataritza-harremana indartzeko.
Proiektu honen helburuetako bat da tokiko merkataritzari laguntzea kontsumo-ohitura berrietara egokitzen, eta balio erantsiko tresna bat ematea, merkataritzaren eta bezeroaren arteko harremana areagotuko duena. Horrela, armairu horietan, bezeroek edozein ordutegitan jaso edo utzi ahal izango dituzte erosketak.
Ekimenari atxikitako establezimenduek leihatilen erabilerari buruzko informazioa izango dute erakusleihoetan. Era berean, 4000 eskuorri eta 40 kartel diseinatu dira, sistemaren funtzionamendua argi eta garbi azaltzeko, eta tokiko bi saltokirekin elkarlanean bideo bat argitaratu da. Lerro hauen azpian ikus dezakezue.
Jarriko diren terminal edo armairu adimendunak Intelligent Delivery enpresarenak dira, Ermuan sortu eta kokatuta dagoena. Enpresa aitzindaria da merkataritza elektronikoak eta paketeria modernoak eskatzen dituzten entregatzeko modu berrietan.
Proiektu honi buruzko argibideak edo kontsultak egiteko, Garapen Ekonomikorako Arloarekin harremanetan jar zaitezke izarracentre@udalermua.net helbide elektronikoan edo 943 17 71 59 telefonoan.
Ermuko Udala hautatu du Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak onuradun gisa merkatuak, hirigune komertzialak, merkataritza ez-sedentarioa eta merkaturatzeko bide laburrak babesteko laguntzen deialdian.
Laguntza hori Europar Batasunak Next Generation EU funtsen bidez finantzatzen duen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan sartzen da.
Jasangarritasunera eta ekonomia zirkularrera bideratutako ekintzen 3. ildoaren barruan, bilketa puntu adimendunen proiektu hau jarri da abian, aipatutako funtsekin diruz lagunduta.