Ermua Antzokiak 'Juicios sin prejuicios' antzezlana jasoko du ostiralean
Datorren ostiralean, maiatzak 19, iluntzeko 20.30etatik aurrera, Ermua Antzokiak 'Juicios sin prejuicios' izeneko antzezlana jasoko du. Abadiñoko Banarte Antzerki Taldeak antzeztutako obra hau Ricardo Combiren jatorrizko testuan dago oinarrituta.
Mikel Areitioaurtena ermuarrak zuzentzen du lana eta legearen aurreko berdintasunaren oinarria kolokan jartzen du. Planteamendu eszeniko eta dramaturgikoak bi epaiketa irreal planteatzen ditu, bi istorio independente, akusatuaren egoera sozialaren arabera justizia nola administratzen den erakutsiko digutenak. Planteatzen den galdera nagusia da: justizia bidezkoa izango al da bi kasuetan?
Maite Muñoz, Mikel Jimenez, Iraia Murillo, Elena Zabala, Maier Cobos, Cristina Luengo, Maite Egidazu, Ricardo Izagirre eta Susana Garcia de Vicuña izango dira antzezlan hau antzeztuko duten aktoreak. Sarrerak 5 euroan erosi ahal izango dira leihatilan.
Lehenengo kasua: Mockingpott jauna, herritar zintzoa, udaberriko arratsalde eguzkitsu batez gozatzen ari da, eta halako batean, zoriona lagun, diru kopuru izugarria duen pakete bat topatuko du. Lehen uneko poztasuna igaro eta gero, bere buruarekiko zintzotasunaz hausnartuko du gizonak, eta topatutako altxorra polizia agente bati eramango dio. Honek, ordea, kolokan jartzeko moduko jarrera erakutsiko du, eta Mockingpottek dirua beste agintari batzuei entregatzea erabakiko du. Horren aurrean, polizia zeharo haserretuko da eta atxilotu egingo du mesfidantzaz beteriko herritarra. Horrela, epaiketen amesgaiztoa hasiko da. Diruaren hotsak ahultzen duen kartzeleroa, abokatu hizlaria, desoreka mentalaz mintzatuko diren bi meditu, eta erraz distraitzen den epailea: guztien artean, epai berezi batera iritsiko dira, errealitatetik asko aldentzen diren egoeretan bakarrik ulertzeko modukoa. Gure herritar zintzoa errudun edo errugabe izendatuko dute?
Bigarren kasua: Morgan V, Morgan dinastiako oinordekoa eta izen bereko banketxeko egungo presidentea, izango da bigarren protagonista. Epailearen aurrean aurkeztuko da Morgan banketxeak urte luzez egindako legez kanpoko mugimenduen inguruan bere burua erruduntzat entregatzeko. Justiziako ordezkariek zuhurtzia handiz tratatuko dute kasua, akusatuak borondate propioz legearen aurrean aurkezteko izan duen duintasuna aitortuz. Morganek justizia nahi du, justizia exijitzen du, baina modu arraro eta ezohikoan. Interes asko daude jokoan eta ikusiko ditugun egoerek errealitatetik at gaudela konbentzituko gaituzte pixkanaka. Errudun edo errugabe izango da akusatua?