Trañapadurako zubi berria ireki aurreko benetako egoera ezagutzeko azterlana egin du Abadiñok
Maiatzaren 24an, asteazkena, irekiko da trafikorako N-634 errepidetik industrialdera zuzenean sartzea erraztuko duen Trañapadurako zubi berria. Hala, URA Uraren Euskal Agentziarekin batera finantzatutako azpiegitura ireki baino lehen, Traña-Matienako hiriguneko trafikoaren azterlana egin du Abadiñoko Udalak, zubiaren eraginkortasuna neurtzeko.
Trafikoaren intentsitatea ezagutzeko, aforatzaile bat instalatu zen Erezema kalean –industrialderako egungo sarbideetako bat–. Datuen arabera, egunero neurtutako intentsitatea (ENI) 1.814 ibilgailukoa da. Ibilgailu horien % 6,67 astunak dira, eta goizeko 8:00etatik arratsaldeko 17:00etara igarotzen dira. Lanegunetan, trafikoaren intentsitateak gora egiten du, eta 2.167 ibilgailu daude errepide horretan. Ibilgailu horien % 7,71 astunak dira, hau da, egunero Traña-Matienako herrigunea zeharkatzen duten, eta, aurrerantzean, Trañapadurako zubia erabiliko duten 167 kamioi dira.
Lanez kanpoko egunetan zirkulazioak nabarmen egiten du behera, eta ibilgailu astunen kopuruak ere behera egiten du. Lanegunetan, sartzeko eskari handieneko tarteak industrialdeko jarduera-orduei dagozkie.
Trañapadurako zubi berriaren obrek helburu bikoitza dute. Alde batetik, ur-etorrienemariak ibilgutik modu librean joan ahal izateko diseinatutako zubi berria egitea. Horrela, Sarria ibaiaren mailak gora egiten duenean, zubi berria eta ibilguaren zabalera berria bateragarriak izan daitezen. Bestalde, esku-hartzea Abadiñoko industrialde garrantzitsuenetako batera iristeko arazoak konpontzeko baliatu da, industrialde horretarako sarbidea N-634 errepidetik zuzenean berreskuratuz, eta trafiko astuna Traña-Matienako hirigunetik ateraz.
Abadiñoko Udalak URAren esku utzi zituen esku-hartzea gauzatzeko behar ziren lursailak, eta sarbideen eraikuntzari eta urbanizazioari dagozkien 1,2 milioi euroak ordaindu ditu. Bestalde, Uraren Euskal Agentziak (URA) bere gain hartu ditu kostuaren 500.000 euroko zenbatekoa eta obraren zuzendaritza eta egikaritzea.