Maiatzarekin batera, azterketa garaia heldu da eta, urtero bezala (koronabirusaren pandemiak liburutegia ixtera behartu zuen denbora ezik), Ermuko Udalak erreztasunak jarriko dizkie udalerriko ikasleei, garai gogor hau ahalik eta hobeto pasa dezaten.
Hori dela eta, urtero bezala, Ermuko udal liburutegiak irekiera ordutegia luzatuko du astearte honetatik, maiatzak 2, ekainaren 15era arte, osteguna, hala nahi duten ikasleek ikasturteko azken azterketak eroso eta denbora luzeagoan prestatzerik izan dezaten.
Epe horretan, astelehenetik ostegunera 09:30etik 00:00etara etenik gabe egongo da zabalik liburutegia. Ostiraletan ohiko ordutegia mantenduko da, 09:30etik 20:30era, eta larunbat eta igandetan, 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara.
Azterketa garaiko ordutegi berezietan, oro har, ikasketa gelako zerbitzua baino ezin da erabili; beraz, ezin da libururik edo bestelako dokumenturik itzuli, ezta maileguan eraman ere. Hori horrela izango da ekainaren 3an eta 10ean, larunbatetan, bi egun horietan liburutegia ikasteko gune gisa soilik irekiko baita.
Maiatzaren 6an, 13an eta 20an, ordea, liburutegiak 9:30etatik 13:30etara bitartean zerbitzu guztiak eskainiko ditu, eta arratsaldean ikasgela gisa baino ez da irekiko.
Bestalde, Udal hauteskundeak direla eta, liburutegia itxita egongo da maiatzaren 27an, larunbata, arratsaldez, eta maiatzaren 28an, igandea, goizez eta arratsaldez, Lobiano Kultur Gunea hauteslekua baita. Gogoratu behar da, hala ere, bi egun horietan ere zabalik egongo dela Izarra Centreko Tecnoteka 8:00etatik 21:45era.