Datorren ostiralean, maiatzak 5, iluntzeko 20.30etik aurrera, Ermua Antzokiak Familia sarekada izeneko ikuskizuna jasoko du. Antzezlan hau interneteko pribatutasunaren jazarpenaren eta eraispenaren aroan kutsu dramatikoa duen komedia basatia da.

Olga Margallok zuzentzen du Antonio Muñoz de Mesaren testuan oinarritutako obra hau, eta Antzokiko agertokiaren gainean Nerea Gorriti, Inazio Tolosa (Mikel Laskurainen ordez), Ainhoa Aierbe eta Xanti Korkostegi aktoreak izango ditugu, Aitziber Garmendiaren kolaborazio bereziaz gain.

Ander, Informatika Delituen Unitateko komisarioa, Villaorduña familiaren etxean sartu da afalorduan eta bertako lau kideak atxilotu ditu, zerbitzari partekatu batean pornografia-sare bat izatea leporatuta.

Koldo, Monika, Aitor eta Nora banan-banan galdekatzen dituzte algoritmo batek pornografiarekin lotutako delitu-eduki gisa identifikatu dituen irudi-artxiboei buruz. Hasiera batean, denek dirudite egozten zaizkien delituen errudunak, baina ikusleak pixkanaka jakingo du akusazioen oinarri diren artxiboak ez direla diruditenak.

Ikusleak pertsonaien errugabetasuna aurkitzearekin batera, familiako kideek susmo txarrak hartzen dizkiete batzuei, baita beren buruei ere, komisarioaren galdeketari ekiten dioten bitartean.

Koldo, Aitor, Nora eta Monika, azkenean, sarera konektatuta egon arren, euren artean erabat deskonektatuta daudela ohartzen dira. Zenbat eta gehiago konektatu, orduan eta gutxiago ezagutzen dute elkar, eta orduan eta gehiago traizionatzen dute elkar.

Familia sarekada ostiral honetan, maiatzak 5, antzeztuko da 20:30ean Ermua Antzokian. Sarrerak salgai daude 10 euroren truke Lobiano Kultur Gunean, Kutxabanken webgunean eta, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Antzokiko leihatilan.