Urtero bezala, koronabirusaren pandemiak eragindako egoeragatik bertan behera utzi behar izandako urteak ez ezik, martxan jarriko ditu aurten ere bai Ermuko Udalak 'Oporretan jolas' udalekuak. Euskara eta Kirol sailek abiarazitako ekimen honen helburua Lehen Hezkuntzako lehenengo eta seigarren maila bitarteko ikasleek euskara praktikatzea eta hobetzea da, aisialdirako jardueren bidez.
Oporretan jolas lau astetan, lau adin-bloketan eta lau motatako jarduera dibertigarri eta hezitzailetan banatuko da: aisialdia, steam tailerrak, zirku eskola eta kirolak.
Egun bakoitzeko ohiko ordutegia 09:00etatik 13:30era izango da. Jarduera mota bakoitzaren programazio zehatza multzo bakoitzeko parte-hartzaile kopurua jakin ondoren zehaztuko da. Dena dela, aisialdiko jardueretarako behin-behineko egutegi hau planteatzen da.
Izena emateko epea maiatzaren 4an, osteguna, irekiko da, eta hilaren 12an, ostirala, amaituko da. Izena asteka eman beharko da, eta adin-taldearen arabera aukeratu beharko da zein jardueratan eta zein astetan parte hartu nahi den.
Aste eta haur bakoitzeko prezioa 35 eurokoa da; pertsona bakoitzeko 28 eurokoa, bi anai-arrebak izena ematen badute edo familia ugariko kidea bada. Matrikularen tasa Kutxabankeko kontu zenbaki honetan ordaindu beharko da, kontzeptuan haurraren izen-abizenarekin: ES89 2095 0040 6091 1099 0751.
Tasak ordaindu ondoren, eskabidea bete eta, ordainagiriarekin batera, Ermuko Udalaren Egoitza Elektronikoan erregistratu beharko da. Abiapuntu bulegora ere joan daiteke astelehenetik ostiralera 08:00etatik 14:30era.