Lehen sektoreak eta landa eremuak pisu nabarmena daukate Markina-Xemeinen eta Lea-Artibai eskualdean. Udalerriaren eta eskualdearen paisaiaren parte dira. Bere ekonomiaren zenbakietara jotzea baino ez dago errealitate honetaz ohartarazteko. Adibidez, Leartibai Fundazioak 2030 Plan Estretagikoaren baitan “estrategikotzat” jo zuen lehen sektorea biziberri-tzearen beharra, tokiko azoken presentzia areagotuz. Hain justu, “landa eremua babestu, berau herritarrengana gerturatu eta salmenta zuzena bultzatzeko” helburuarekin, Markina-Xemeingo Baserri Egunaren edizio berri bat antolatu du Udalak, Lea-Artibai Landa Garapenerako Elkartearekin elkarlanean. 20 izango dira kokatuko diren salmenta postuak. Plazabarripean jarriko direnak.

Pandemia atzean utzita –nekazal ekoizpenei hain min handia eragin ziona, ez baitzen posible izan salmenta zuzena egitea–, “indarberrituta” dator urteroko Markina-Xemeingo zita gainera. “Ekoizleen eta herritarren topagune bihurtuko da Markina-Xemeingo Plazabarripea, maiatzaren 6an, larunbata, goiz osoan zehar. 10:00etatik 15:00etara, udalerriko, eskualdeko eta inguruko baserritarren produktuak herritarren eskura egongo dira azokan”, nabarmendu dutenaren arabera. Baserri Egunean zehar erakusgarri izango diren postuen artean denetarik eskuratzeko aukera izango da. Besteak beste, ahatekiak, kontserbak, ogiak, gozoak, haragia, gaztak eta edariak (sagardoa, ardoa…) izango dira aukeran. “Urtero legez, bildots erreen pintxo dastaketa egingo” dela zehaztu dute antolatzaileek, “12:30ak inguruan hasita”. Azkenik, oraintsu martxan jarri den laugarren pintxo lehiaketako sariak emango dituzte, Hemen Be Bai herriko merkatari elkarteak antolatutako lehiaketa, 13:30etan banatuko dira.