Barinaga auzoko baserri baten, Markina-Xemeinen bertan, jaiotako Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza eta obraren antzezpen musikatua laburbiltzen duen Hazia ikuskizuna eskainiko da datorren apirilaren 22an –hain justu bere jaiotzaren egun berean– udalerriko Uni frontian iluntzeko 20:00etatik aurrera. “Lehen aldiz eskainiko da ikuskizuna eszenatokietatik kanpo” Gontzal Mendibilek gidatutako ikuskizuna, azpimarratu dute Udaleko informazio iturriek.

Ez da nolanahiko pertsonaia Arizmendiarrieta markina-xemeindarra. Euskal Herrian ohiartzun handia izan duen gizona izan da, kooperatismoaren sorrera parte hartze nabaria izan duena. “Arrasateko kooperatiben eredua sortu eta bultzatu zuen pertsona”, bere bizitzaren hainbat pasarte taularatuko dituzte, besteak beste “haren haurtzaroa, seminarioko garaia, 1936ko gerra eta, batez ere, Arrasateko iritsieraz eta ordutik aurrerako bere lana. Hori guztia, koreografiekin birsortutako musika eszenaratze-artistiko ikusgarriarekin, bere bizitzarekin harreman zuzena izan zuten irudien eta gure herriaren historia markatu zuten ekintzen ilustrazioekin lagundurik”. “Arizmendiarrietaren pentsamendua, balio humanistak eta ideia sozialak zabaldu nahi dituen ikuskizun eszeniko-musikala da Hazia”, gaineratu dutenez. Halaxe azaltzen du obra honen zuzendari den Gontzal Mendibilek: “Haren balioak nabarmendu nahi ditugu, gaur egun horren beharrezko ditugunak: kooperatibismoa, konpromisoa, elkartasuna. Konpetentziaren eta indibidualismoaren munduan bizi gara, eta berak ikusi zuen gauzak sortzeko beste era bat”.

Arizmendiataren Lagunak Elkartea Gontzal Mendibilen eskutik aritu da musikal honekin lanean. Abeslari eta sortzaile bizkaitarra da musikalaren bultzatzaile nagusia, baina ikuskizuna aurrera eramateko askoren elkarlana ezinbestekoa izan da. Mendibilenak dira gidoia, zuzendaritza, narrazioa eta musika. “Berarekin batera, zuzeneko 11 musikari, aktoreak eta kantariak izango dira oholtzan”. Easo eta Goikobalu abesbatzek eta Ohika taldeko dantzariek parte hartzen dute, eta proiekzioak ere badira, eszenaratze ikusgarria duen ikuskizunean. Kanta guztiak jasotzen dituen diskoa ere kaleratu dute. Sarrerak salgai dira 20 eurotan udaletxeko Berton zerbitzuan, Opela okindegi-kafetegian eta frontoian bertan.