Urtero bezala, koronabirusaren pandemiak eragindako etenaldia kenduta, Abadiñoko Udalak aurkeztu egin du herriko 3 eta 12 urte bitarteko haur eta gazteei bideratutako aisialdirako programak, Ludoteka eta Herri Udalekua, hain zuzen ere. Horietan parte hartzeko epea maiatzaren 2tik 19ra bitartean egongo da zabalik. Inskripzioak udalaren webgunean eskuragarri egongo den inprimakiaren bidez egin ahal izango da.Euren kabuz egiteko zailtasunak dituzten edo baliabide teknikorik ez duten pertsonek Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan dauden gailuak erabili ahal izango dituzte.

Ludotekaren jarduera Haur Hezkuntzako umeei (HH2-HH5) dago zuzenduta eta Zelaieta Eskolan egingo da, 9:30etik 13:30era, ekainaren 26tik uztailaren 14ra (lanegunetan). Herri Udalekuak programa Lehen Hezkuntzako umeei (1. mailatik 6.era) dago zuzenduta, eta jarduerak egun eta ordutegi berberetan egingo dira Traña – Matiena Eskolan. Abadiñon erroldatuta dauden edo ikasten duten umeek parte hartu ahal izango dute jardueran, baita gurasoetako bat udalerrian erroldatuta badago ere. Ohikoa denez, autobus zerbitzua egongo da.

Bestalde, kontziliazioa errazteko asmoz, hala behar duten familiek doan eskatu ahal izango dute haurtzaindegi-zerbitzua. Zerbitzua, bai ludotekan, bai hiri-udalekuan ezarritako ordutegia baino 30 minutu lehenago hasi eta 30 minutu geroago amaituko da. Zerbitzu hori berariaz eskatu beharko da inskripzio-orrian, eta umea zein ordutan joango den adierazi beharko da, bai eta zer ordutan jasoko den ere. Zerbitzu hori aukeratzen dutenek ezin izango dute autobus zerbitzua erabili.

Jarduera horien prezioa 80 eurokoa da lehen umearentzat eta aldi osoan, eta ezin izango da asteka izena eman. Bigarren anai-arrebarentzako prezioa 56 eurokoa da. DBE jasotzen duten familiei % 85eko hobaria aplikatuko zaie. Bestalde, aurreko hobaria aplikatu ez zaien familia ugariek % 30eko deskontua izango dute iaz indarrean zeuden prezioen gainean.

Eskola-aldiaren amaieran, umeek beste adingabe batzuekin harremanak izateko eta aisialdiaz euskaraz gozatzeko aukera galtzen dute, eta, beraz, udalaren eskaintzak udan gabezia horiek betetzen lagundu gura du. Informazio guztia, prezioak eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren xehetasunak udalaren webgunean (Zerbitzuak - Euskara – Udalekuak - 2023) daude eskuragarri. Informazio gehiago jaso gura izanez gero, jo udaleku@abadiano.eus helbidera.

Ekainaren 21ean familiei zuzendutako informazio bilera egingo da Errota Kultur Etxean –17:00etan ludotekari buruzkoa eta 18:00etan herri udalekuei buruzkoa–.