Zaldibarko Udalak 96.079,71 euroko aurrekontua bideratu egin du, BEZa barne, udal titulartasuneko bederatzi eraikinen argiztapen teknikoa eta kirol-argiztapena berritzeko. Guztira LED teknologiako 1.163 argi-puntu jarri ditu, energia-eraginkortasuna eta energia-trantsizioa bultzatzeko asmoz. Hobekuntzak egin diren espazioak eskola, haurtzaindegia, futbol-zelaia, frontoia, Nagusien egoitza eta Olazar erabilera anitzeko gunea izan dira, besteak beste.

Jarduerak barne hartu du udal-titulartasuneko barne-argiztapeneko sistemak eta udalkirolguneak berritzea, teknologia halogenoen, gorien eta sodio-lurrunezkoen argi-puntu guztiak azken belaunaldiko LED teknologiekin garatutako ekipoekin ordezkatuz.

Proiektu honen helburu nagusia da jarduketa-eremuaren energia-eraginkortasun globala hobetzea (energia elektrikoaren kontsumoa eta CO2 emisioak murriztuz), argi-mailak optimizatzea (argi-kutsadura murriztuz eta erabiltzaileei ikusmen-erosotasun handiagoa eskainiz), mantentze-lanak eta -kostuak murriztea eta proiektuan aipatutako espazioetan balio estetiko erantsia ematea.

Argiak LED teknologia eraginkorretako ekipoekin ordeztu ondoren, eraikin bakoitzaren kontsumoak kalkulatu dira berriro, eta eraginkortasun energetikoa nabarmen hobetu dela egiaztatu da. Adibidez, futbol-zelaiaren energia-aurrezpenaren maila % 55 hobetu da, kiroldegiarena % 40, liburutegiarena % 51, eskolarena % 33, haurtzaindegiarena % 17, frontoiarena % 37, udalarena % 51, erabilera anitzeko Olazar konplexuarena % 54 eta Nagusienegoitzarena % 62.

Proiektu osoaren zenbateko osoa (BEZa barne) 96.079,71 €-koa izan da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso du klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloko jardueretarako, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko planak eta neurriak sustatzeko, eta energia berriztagarriak sustatzeko eta ezartzeko.