Datorren urtean Kirolaren Europako Hiria izan nahi du Basauri. Horretarako, bere hautagaitza aurkeztu egin zion martxoaren amaieran Europako Batzordeak aintzatetsitako ACES Europe erakundeari.

Basauriko biztanleen egunerokoaren beste adierazpen bat da kirola. Gizartean oso errotuta dauden kluben sarea dugu, haietako batzuk ehun urte baino gehiagokoak, eta herritarrek aukera izan dute haien eskutik kirola praktikatzeko eta helburu gorenetaraino iristeko. Futbola, halterofilia, taekwondoa edo atletismo egokitua bezalako kirolek, batzuk aipatzearren, munduko maila gorenean lehiatzen ikusi dituzte basauriarrak.  

Baina kirol federatuan eta lehiaketa-kirolean Basaurik duen presentzia nabarmen horren benetako garrantzia bere jatorria da, hau da, eskola-kirolaren esparruan egindako lan bikaina, guztiontzako kirola sustatzen duten udal kirol-instalazio osoetan oinarrituta. 

Basauriko Udaleko Kiroletako zinegotzi Jon Zugazagoitiak adierazi duen bezala, “gure udalerria herri bizia da, eta kirol ekitaldien egutegi zabala du, maila guztietako ekitaldiak antolatzen baitira, eta gizarteak biziki parte hartzen du ekitaldi horien antolaketan”. Horien artean aipagarria da Basauri Meeting paralinpikoa, bere bikaintasun eta oihartzun mediatikoagatik, Estatuko ezaugarri hauetako proba zaharrena eta kirol maila handienekoa. “Dinamika horrek guztiak ez du begi bistatik kentzen garaietara egokitzeko beharra, kirolean ingurumen-jasangarritasuneko politikak ere aktibatuz, benetako berdintasuna bilatuz, baztertuen dauden gutxiengoen normalizaziorako oztopoak murriztuz edo kirola hezkuntza-tresna gisa erabiliz euskararen erabilera normalizatzeko, ohitura osasungarriak izateko eta haurrekiko abusuak prebenitzeko”, adierazi du, halaber, Zugazagoitiak. 

Kredentzial horiek guztiak kontuan hartuta, Basauriren hautagaitza aurkeztu zuen Basauriko Udalak, eta onartu egin da. Hurrengo urratsa izango da ACES Europe erakundeko ordezkariek Basaurira bisita egitea, kirol-mugimendua eta instalazioak gertutik ezagutzeko eta behar duten informazio guztia eta Basauri “2024ko Kirolaren Europako Hiri” izendatzeko arrazoien xehetasunak emateko. “Gure ustez, ondo merezitako izendapena izango litzateke klubentzat, Basauriko oinarrizko kirolarentzat eta Basauri Kirolaken instalazioak erabiltzen dituzten eta instalazio horiek bizirik mantentzen dituzten erabiltzaile eta kirolari guztientzat” adierazi du Basauriko Udaleko Kiroletako zinegotziak.