Esteban Loroño Oleaga, Ibaizabal kalean autoak konpontzeko tailer bat zuen galdakoztarra, 2005ean hil zen, eta bere herentzia guztia Galdakaoko Udalaren esku utzi zuen: 634.000 euroko balioa zuen herentzia. Diru hori zertara erabili ere argi zehaztuta utzi zuen: adinekoentzako egoitza bat egitea nahi zuen. 18 urteren ondoren, bere nahia nola bideratzea adostu dute familiaren albazeek eta alkateak: Zuhatzuko San Andres egoitza handitu, egokitu eta hobetzeko erabiliko da dirua. Egoitzaren eraikin berriak Esteban Loroño Oleaga izena hartuko du. 18 urtez geldituta egon den egoera desblokeatzea lortu da horrela, eta familia gustura eta eskertuta agertu da.

Izan ere, akordiora iritsi arte, bide luzea egin du auziak. 2006an, Udalak ustekabean jaso zuen herentziaren berri albazeen eskutik, eta Loroñoren nahia beteko zuela adierazi zuen orduko Udalak. Ondoren, Galdakaoko Udalak Loroñoren ondasunak Bizkaiko Foru Aldundiaren esku utzi zituen 2008an, eta baita Udalak Olabarrietan zuen 7.800 metro karratuko lur bat ere, adinekoentzako egoitza han egiteko. Aldundiak, lur haietan adinekoentzako egoitza egingo zuela agindu zuen. Bost urteko epea izango zuen lanak egiteko.

2013a iritsi zen, eta inolako mugimendurik ez zen izan lur haietan. Udalak eta Aldundiak beste lau urteko luzapena adostu zuten, baina lanik ez zen egin orduan ere. Gero, beste proiektu batzuk jarri ziren mahai gainean; beste mota batzuetako azpiegiturak. Horiek ere ez ziren gauzatu.

Urteak joan urteak etorri, galdakoztarrak herriarentzat utzi zuen diruaren balorea murriztuz zihoan, eta ondareak Aldundiaren esku jarraitzen zuen, agindutako proiektua egiteko itxurarik gabe.

2019an, Galdakaoko Udalean gobernu aldaketa izan zenean, auziari heldu zion gobernu berriak. Olabarrietako lurrak eta Loroñoren ondasunak itzultzeko agindu zion Udalak Aldundiari, eta Loroño familiaren bi albazeekin elkarrizketetan hasi zen. Izan ere, Esteban Loroño hil zenean bere herentziaren kudeaketarako lau pertsona zeuden albazea gisa izendatuta, baina bi soilik daude bizirik. 

Herentzia Loroñoren nahia kontutan hartuta bideratzeko helburuz, hainbat aukera aztertu dituzte familiak eta Udalak azken urteotan; horien artean, Udalak bere jabetzan duen egoitza handitzeko proposamena. Eta horixe adostu dute: Zuhatzuko San Andres egoitzari eraikin berri bat gehitzea, handitzeko. Ondorioz, egungo erabiltzaileentzako espazio handiagoak egokituko dira, erosoago egongo dira egoiliarrak, eta adibidez, komun indibidualak izango dituzte. Baita eguzkia hartzeko terraza guneak ere. Bestetik, isolamendu sistema eraginkorra gehituko zaio egoitza guztiari. Handitzea egin ahal izateko, tenis pista lekualdatuko da.

Udalak dagoeneko egin du egoitza handitzeko aurreproiektua, Loroñoren familiarekin adostu zuen bezala. Proposamena ontzat eman du familiak, eta beraz, akordioa sinatu berri dute alde bakoitzaren izenean aritu diren ordezkariek: albazea gisa izendatuta dauden Maria Teresa Loroño eta Sergio Villak, eta Iñigo Hernando alkateak.

Hemendik aurrera, Esteban Loroñok utzitako 634.000 euroetatik zati bat behin betiko proiektua idazteko erabiliko da, aurten, eta lanak 2024an hasiko direla aurreikusten da. Zehaztutako hobekuntzak egiteko falta den dirua Udalak ipiniko du.